Emaitza horiek uneko argazki baten isla badira ere, 2012. urtetik errepikatzen den joera nabarmen geratu da. Labur esateko, Ikasleen Nazioarteko Ebaluaziorako Programak (PISA, Programme for International Student Assessment) DBH amaitzean munduko 80 herrialde baino gehiagotan ikasleek zer dakiten eta zer egiteko gai diren sistematikoki ebaluatzen du. Hiru konpetentzia hautatzen dira neurketa egiteko: matematika, zientziak eta irakurketa. Gure kasuan, hiruetan ikasleen emaitzek beherantz egin dute. Aitzitik, EAErekin alderatuta, Nafarroan zertxobait hobeak izan dira.
Hezkuntza arduradunak azkar atera ziren kalera, probak pandemian zehar egin zirela eta emaitzen beherakada mundu mailan orokorra izan dela argudiatuta. Tira, «askoren mina, zoroen atsegina», pentsatuko du batek baino gehiagok.
Emaitza horiek hautsak harrotu dituzte gure hezkuntza sistema txit gorenean. Esan eta idatzi diren hainbat kontuek beldurra eta atsekabea sorrarazi didate. Hezitzaile bezala oso larria iruditzen baitzait jatorri etorkineko ikasleriari egin zaion esposizioa, euren emaitzak bertako ikasleenak baino baxuagoak izan direla azpimarratuz. Arbuiagarria egiten zait ikasle etorkinei eta haien familiei (eta irakasleei) emaitza hauek suposatzen duten porrotaren erantzukizuna leporatzea. Babestu eta jaso beharko lituzkeen sistemak erdigunean jarri ditu bai, baina ez hezitzaile eta irakasle askok ulertzen dugun bezala. Gainditu nauen beste marra gorria sistema eleaniztunarena izan da; hots, gure ikasleen emaitza kaskarrak, euskaraz (gaztelera inoiz ez da desabantaila faktorea) ikastearen exigentzian legokeelako. Egoeraren azalpena gertakari koiunturaletan oinarritzean, egiturazkoak direla begi-bistan dagoenean, eta ikaslea jomugan jartzeak, sistemaren ahultasun-maila ematen dit.
Irakaslea naiz duela 20 urte, eta ez ditut behar PISA bezalako txosten baten emaitzak, sistemak gainezka egin duela ikusteko
Irakaslea naiz duela 20 urte, eta ez ditut behar PISA bezalako txosten baten emaitzak, sistemak gainezka egin duela ikusteko. Nire egunerokotasunean bizi ditudan eta txosten horrek neurtzen ez dituen askotariko aldagaiak etortzen zaizkit burura: euskal-hezkuntza eredu propio baten falta, Estatu mailako bost hezkuntza-lege ezberdin azken urteotan, hizkuntza-normalizazio politika lausoak, digitalizazioaren eztanda gizartean, eta zer esan ikasgelatan, hezkuntza-funtzio errealaren desbideratzea (ikusi nork egiten duen PISA), hezkuntza lanaren debaluazioa, egungo ikasleen beharrei erantzuteko ezintasuna, irakasten dugunaren eta ikasten dutenaren arteko aldea, gehiegizko lan-karga, gehiegizko ratioak, aniztasunaren trataerako hezkuntza-erantzun eskasa, bestelako proiektuen gaindosia: jasangarritasuna, Garapen Iraunkorreko Helburuak, generoa, hezkidetza, ohitura osasuntsuak, elkartasuna, hiritartasuna (ez gaizki hartu, balio-hezkuntzaren defendatzailea bai, baina dirdira besterik egiten ez duten erakusleihoen aurkakoa naiz)…
Errege Magoei Hezkuntzaren Lege berri bat eskatuko nieke, irakasleen iritzia jasoko duen legea, tartean diren gainerako eragileen ekarpenekin noski. Zoritxarrez, 30 urte itxaron beharko dut opari hau jaso ahal izateko.