Lurralde eta eskualde bakoitzak egoera ezberdina bizi duen arren, euskara da Euskal Herriko hizkuntza. Geroz eta gehiago dira euskara ulertzeko gaitasuna duten euskal herritarrak. Haur eta gaztetxoen artean, are nabarmenagoa da euskararen ezagutza maila gorantz doala.
Erabilera
Ezagutza gorantz doan bezala, ordea, azken kale neurketek erakutsi dute euskararen erabilera jaisten ari dela. Soziolinguistika Klusterrak 2016an egindako azken kale neurketan, esaterako, %12,6ko erabilera neurtu zuen Euskal Herrian. Gipuzkoan, kaleko elkarrizketen %31,1 da euskaraz; Euskal Herriko daturik altuena da hori. Nolanahi ere, jaitsiera izan du erabilerak Gipuzkoan ere. Hogeita bi urtean goranzko joera izan ondoren, 1,5 puntuko galera izan du erabilerak azken bost urtean.
Duela hamar urte, %13,7an zegoen euskararen erabilera tasa Euskal Herrian. %12,6koa da euskararen erabilera. Hamarkada honetan, apaldu egin da beraz euskararen erabilera. Bizkaian, Gipuzkoan eta bereziki Ipar Euskal Herrian galdu du euskarak erabilera. Araba eta Nafarroan berriz, aurreko neurketatan baino datu hobeak bildu zituzten 2016an egindakoan.
Haurrak eta gazteak
Zenbat eta gazteago, orduan eta gehiago erabiltzen da euskara, eta haurren presentziak ere zuzenean eragiten du helduen arteko erabilera mailan. Haurrak aurrean daudenean, gehiago aritzen dira euskaraz helduak. Haurrik ez dagoenean, erdara erabiltzeko joera gailentzen da. Azken hamarkadan, bestalde, behera egin du euskararen erabilerak adineko jendearen artean.
Ulertzetik erabiltzera
Euskararen erabilera sustatzera bideratu dute azaroaren 23tik abenduaren 3ra martxan izango den Euskaraldia. Geroz eta gehiago dira euskara ulertzeko gaitasuna dutenak. Herritar horiek aktibatu eta euskaraz erabiltzera animatu nahi ditu ekimenak.
Euskararen ezagutza mailak gora egin du Euskal Herrian eta asko dira, euskal hiztunak izan gabe ere, euskara ulertzeko gaitasuna dutenak. Belaunaldi berrien artean, nabarmena da euskararen ezagutza maila goranzko joeran doala. Beste modu batera esanda, Euskal Herrian, asko eta asko dira Belarriprest izateko moduan direnak; euskaraz ulertzeko gaitasuna badutenak.
Bizkaian eta Gipuzkoako udalerrietan, %60tik gora dago euskara ulertzen dutenen kopurua eta kopuru hori, %80tik gorakoa izatera ere iristen da zenbati herri eta eskualdetan. Araban, biztanleen %40 eta %60 artean dago euskara ulertzen dutenen kopurua. Nafarroako zenbait gunetan ere kopuru beretsuak neurtu dituzte, eta badira, noski euskararen ezagutza askoz ere handiagoa duten gune zabalak ere. Euskarak traba gehien izan dituen guneetan ere, biztanleen %20ak ulertzen du euskara neurketen diotenez. Ipar Euskal Herrian, %40 inguruan dabil euskara ulertzeko gaitasuna duten herritarren kopurua. Euskaraz hitz egiteko borondatea duenak, beraz, aurkituko du horretarako aukerarik. Euskarazko elkarrizketak kalean entzun ahal izateak, hizkuntza ohiturak berriak sorraraz ditzake.
Euskara Tolosaldean, datuz datu
Hogeita zortzi herrik osatzen dute Tolosaldea. Tamaina eta errealitate linguistiko ezberdinak ditu herri horietako bakoitzak noski, baina datuek garbi adierazten dute eskualde euskalduna dela
Tolosaldea.
Eskualde euskalduna
Izan ere, eskualdeko biztanleen %74a da euskaraz komunikatzeko gai. Euskara ulertzeaz gain, eguneroko elkarrizketatan erabiltzeko gaitasuna dutenen kopurua, beraz, altua da. Aurrez esan bezala, datu hori are handiagoa da herri txikietan. Ia %100a izatera ere iristen da zenbait gunetan. Euskaraz komunikatzeko gai direnen artean, %63ak du euskara lehen hizkuntza bezala eta ehuneko berdina da etxean euskaraz hitz egiten dutenena.
Ezagutza altua
Euskaraz hitz egiten jakin gabe ongi ulertzeko gai direnen kopurua are handiagoa da. Eskualdeko herritarren %84a da euskaraz ulertzeko gai. Beraz, euskaraz hitz egin nahi duenak, erraz aurkituko du solaskidea. Elkarrizketa bateko lehen hitzak euskaraz izatea izan daiteke gakoa. Bi solaskideak euskaldunak badira, hizkuntza horretan jarraituko du hizketaldiak. Solaskideetako batek euskaraz komunikatzeko gaitasuna izan gabe ere, ulertzen badu, elkarrizketa elebidunak gara daitezke. Horixe da Euskaraldiak sustatu nahi duena; ahal den guztietan euskaraz aritzeko ohitura hartzea.
Erabilera
Izan ere, kale neurketek utzitako datuetan dator, koska. Galtzaundi Euskara Taldearen eta Uemaren arteko lankidetzari esker egin zen lehenengo aldiz, Tolosaldeko 28 herrietako Hizkuntza Erabileraren Kale Neurketa. Datuek azaldu zutenez, eskualdeko euskaldunen kopurua %74koa bada ere, Tolosaldeko kaleetan izandako solasaldien %56a izan da euskaraz. Herritarren artean, haurrak dira euskara gehien erabiltzen dutenak (%73,8). Gazteen %69,2ak ere euskaraz egiteko ohitura du, eta helduen arteko solasaldietan, %51,3a dira euskaraz. Eskualdean euskara gutxien erabiltzen dutenak, berriz, adinekoak dira, %44,9a hain zuzen.
Haurren presentziak eragin handia du euskararen erabileran. Izan ere, helduek euren artean haurrik gabe ari direnean %46,5ean darabilte euskara. Haurrek eta nagusiek osatutako taldeetan, berriz, %68,6ra igotzen da erabilera. Orokorrean, bestalde, emakumezkoek gehiago erabiltzen dut euskara gizonezkoek baino.
Ondorio horretara iristeko, guztira 46.508 solaskide behatu zituzten Tolosaldean. Euskararen erabileran dago, beraz, eskualdeko euskaldunon erronka. Euskara dakienak erabil dezala bere egunerokoan, eta ulertzen duenak, jakinarazi dezala.
Arnasguneak
Eskualdeko eremu euskaldunenetako zenbaitetan ere atzera egin du erabilerak oro har. Euskara ezagutza indizea %80koa baino altuagoa duten hemezortzi herri dira Tolosaldean. Horietatik hamabostetan, %80koa baino handiagoa da kaleko erabilera ere. Arnasgune horiek zaintzearen eta babestearen garrantzia azpimarratu hainbat eragilek azken urtetan. Ikuspegi soziolinguistikotik begiratuta, hizkuntza batek biziraun dezan, ezinbestekoa da arnasgune horiek izatea. Bizitza hizkuntza horretan egiten duten guneak behar-beharrezkoak dira.