Gogoan dut, duela 30 bat urte, etxez etxe esnearen bila kamioiak nola etortzen ziren. Gero, ordea, hori egin ahal izateko baldintza batzuk bete behar ziren, baserrietan esnea gordetzeko eta hozteko sistema jartzea, esaterako. Hori guztia, esneak baldintza onak zituela bermatzeko helburuz egin zen, hau da, ziurtatzeko esnea ez dela tenperatura beroan egon mikrobio horiek garatu zitezen.
Une horrek baserritarrei min handia egin zien, inbertsio handi bat egitea suposatu baitzuen. Esan daiteke ekoizpen handia zutenek egin zutela inbertsio hori, eta produktore txikiek, orokorrean, ez zutela pausoa eman. Horien kasuan, baserria uzten joan ziren batzuk eta beste batzuk era alegal batean jarraitu zuten, oso produkzio txikiarekin. Esne hori ez zioten industriari saltzen, etxez etxeko salmentarako edota Tolosako azokan saltzeko erabiltzen zuten.
Garai ilunak esnearentzat
Garai gogorrak bizi izan ditu esneak, osasungarri ez denaren ideia zabalduta, eta jendeak bestelako alternatibetara jo zuen. Baina, esne begetalak, esaterako, ezin ditugu maila berean jarri. Alternatiba izan litezke, baina nutrizionalki begiratzen baditugu ez dute zerikusirik. Eta, horietan guztietan gomendagarriena sojarena izango litzateke.
Bizitzaren lehen etapetan derrigorrezkoa dugun produktua da esnea. Lehendabiziko sei hilabeteetan esneaz elikatzen gara esklusiboki. Ordutik aurrera hasten gara eta hasi behar da bestelako elikagaiak sartzen (zerealak, barazkiak, frutak...).
Ama esnea eta behi esnea bereizi behar dira. Ama esnea izaten dugu hasieran. Nutrizionalki oso aberatsa da, eta hazkuntzarako beharrezkoak diren proteina ugari ditu. Karbohidrato ugari ere baditu, laktosa kasu, esnearen azukrea, eta baditu grasak ere, gure garapenerako beharrezko direnak.
Askotan esan izan da gantzak edo grasak gure eguneroko dietatik kendu behar ditugula, baina, neurrian bada ere, hartu egin behar ditugu. Gantzen artean badago aldea, eta kalitate onekoak direnak hobetsiko ditugu.
Esneak, beraz, hiru ezaugarri horiek ditu, hau da, proteinak, karbohidratoak eta gantza, eta proportzio oso onean, gainera.
Badakigu gure garapenean behar-beharrezkoa dugula esnea lehen sei hilabeteetan, eta bi urte bete bitarte edoskitzaileak garela, nahiz eta beste elikagai osagarriak hartu. Zein da, baina, esnerik egokiena? Bada, bakoitzak berea. Gizakiarentzat gizakiarena eta txekorrarentzat, behiarena. Baina, hemen ere korronte desberdinak badirela ikusiko dugu.
Edoskitzaileak garela bi urte bete arte, eta hortik aurrera gure gorputza ez dagoela prestatuta esnea behar den moduan erabiltzeko edo lixeritzeko diote batzuk. Hori zehazki horrela den galdetuz gero ere, era bateko eta besteko erantzunak izango genituzke.
Egia da esnea lixeritzeko behar ditugun entzimak, proteina edo laktosa horiek behar bezala lixeritzeko behar direnak alegia, bi edo 3 urte bete arte ditugula gehienez. Horiek pixkana galduz joango gara.
Kontua da, gure gorputza bizkorra dela, eta egokitzeko ahalmena duela erakusten duela, baita kasu honetan ere. Aipatu dugu esnea elikagai ona dela, eta hori aintzat hartuz, herrialde batzuetan, historiaurretik, esnea euren dietan sartu dute. Aitzitik, beste herrialde batzuetan, Asian edota Afrika hegoaldean kasu, heldu aroan esne edo esneki gutxi edo ia batere ez dute hartzen. Badirudi, ordea, globalizioaren eraginez hori aldatzen ari dela eta Asian esaterako, esnekiak eta haragia jaten hasiak direla.
Mediterraneo inguruko herrialdeetan gaztak eta jogurtak egiten dituzte baina ez dute esne likidoa hartzeko ohiturarik. Eta esnetik eratorritako gantzekin egindako gurinik ere ez dute erabiltzen. Olio begetalak erabiltzen dituzte. Baina Frantziara, Alemaniara edo Herbeheretara joaten bagara, konturatzen gara asko erabiltzen dituztela gantz horiek. Beraz, herrialde bateko zein besteko pertsonen ezaugarrietan desberdintasunak daudela ikus dezakegu. Izan ere, euren dietan esnekiak barneratuta dituzten lurraldeetan entzima horiek garatuta dituzte, eta ondorioz, esnea lixeritu dezakete, pertsona helduak izanda ere.
Dena den, entzima horiek gutxituz joango dira, eta hor azaltzen dira esnearekiko intolerantziak, edota laktosa edo proteinei intolerantziak. Helduen %30-35ean gertatzen da hori, eta merkatua ere horren arabera egokitu egin dela ikusi dugu.
Bestalde, esnea, kaltzioaren iturri nagusitzat dugu oraindik ere. Hartzen dugun kaltzioaren ia %32 xurgatzen dugu eta gure organismoak erabiltzen du, baina kaltzio hori xurgatu ahal izateko, laktosa edo esneak duen azukre hori beharrezkoa da. Laktosari intolerantzia diotenek laktosarik gabeko esnea hartzen badute, uste baino kaltzio gutxiago hartzen ari direla jakitea garrantzitsua da, aipatu moduan, kaltzioa xurgatu ahal izateko laktosa beharrezkoa baita. Laktosarik gabeko esneari dagokionean, laktosari intolerantzia diotenek hartzea gomendatzen da.
Osotik gaingabetura
Behiaren esneak karbohidratoak, proteinak, ura edo likidoa eta gantzak ditu. Behi esne jetzi berria ikusten badugu, segituan konturatuko gara gantza nola igotzen den gorantz. Gantz hori globulo handietan sortzen da, eta hori da esnegain bihurtzen dena. Kaxako esnea hartzen dugunean, hor ez dugu esnegain hori topatuko. Industriak modu fisiko baten bitartez gantz hori emulsionatu egiten du uretan urtu dadin eta horrela esne guztia homogeneizatu egiten da. Gaingabetuaren kasuan, litro bakoitzeko %1 baino gutxiago duela gantzetan esaten da.
Behin hori jakinda, zein esne mota hartzea gomendatzen da? Erantzuna pertsona bakoitzaren araberakoa izango da. Norbere beharren arabera aukeratu behar da, eta gantz gutxiago edo gehiago behar denaren arabera, gaingabetua edo osoa hartzea gomendatuko da.
Aukeran izanez gero, zalantzarik gabe osoa hartzea litzateke aukerarik onena. Produktu bat kalitatean ona dela esaten dugu bertakoa denean, osasun neurriak gainditu dituenean eta manipulazio gutxi jasan duenean. Hori aintzat hartuta, osoa hobetsiko dugu. Kaltzio, fosforo, bitamina... gehien dituena da, eta hezurretarako kaltzioak finkatzeko beharrezkoak ditugun bitaminak gantzetan disolbatuta xurgatuko ditugu, errazago osoarekin. Datuei erreparatzen badiegu, baina, kontsumitzen den esne likidoaren erdia, erdigaingabetua da.
Kasu batzuetan, esan moduan, ez da norbere esku egongo, gantzak komeni ez zaizkion jende ugari dagoelako. Beraz, kolesterola altua edo gizentasuna izanez gero, erabaki zuhurra litzateke erdigaingabetua hartzea. Eta arazo larria suposatzen duen kasuetan gomendatuko genuke erabat gaingabetua. Hori bai, gantzak kentzen ditugun unetik, proportzio berean kenduko ditugu bitaminak ere.
Gakoa hemen ere, beraz, neurrian dago. Egunean bi edo lau errazio hartzea gomendatzen da: katilukada bat esne, jogurt bat edo bi eta gazta zati bat. Hortik aurrera, ziurrenik muga gainditzen ariko ginateke.