Eguzkiaren eragina hezurretan

Erabiltzailearen aurpegia Aitziber Alzaga 2018ko eka. 2a, 10:31

Eguzki irradatzea behar-beharrezkoa da, hezurren osaketan parte hartzen duen bitamina sortzeko: D bitamina, hain zuzen ere. D bitamina, azken finean, ez da elikagai bat bakarrik, hormona aktibo bat da eta hormona aktibo bezala hezurduran parte hartzen du eta muskuluen lanean ere parte hartzen du.

Behar dugun hori, nola edo hala lortu behar dugu. D bitamina edo bitamina liposoluble hori, gantzetan bihurtzen den bitamina hori, hartzeko gure gorputzak badauka sistema bat. Eta hori da, kolesterola erabiltzen du, bitamina horren aitzindari gisa.

Kolesterolaz hitz egiten dugunean, dena ez da txarra. Kolesterola gauza askotarako behar dugu. Eta tartean, zenbait hormona sortzeko. Bai hormona sexualak eta baita kasu honetan D bitamina sortzeko ere. Horretarako, behar-beharrezkoa da eguzkia hartzea. Bitamina horren sorrerarako lehen prozesua, azalean gertatzen da. Kolesterol horretatik eguzki irradiazioaren eraginez, bitamina horren aitzindari bat sortzen da, gero aitzindari hori azaletik xurgatu eta gibelera doa. Eraldaketa prozesu bat jarraituko du, lehenengo hidroxilazioa deitzen dioguna.

Bigarren prozesu bat gertatuko da giltzurrunean, bigarren hidroxilazio bat. Giltzurrunetik pasa ondoren, azaletik sartu den argi horrek sortu duen hormona hori, hormona aktibo bihurtuko da, D3 bitamina aktiboa. Eta dietan hartzen dugun kaltzioa hesteetan xurgatzea erraztuko du, giltzurrunetik galtzen dugun kaltzio hori berreskuratu egiten du eta ondoren, kaltzio eta fosforo hori hezurretan itsasten du.

Hezurra, azken finean, ardatz bat da, kolagenozko ardatz bigun bat eta gainetik mineralizatu egiten da, fosfatoak eta kaltzioa eraginez. Orduan, matriz bigun hori, egitura zurrun, trinko bat da, gure muskuluak esportatuko dituena, guztia aguantatuko duena. Behar-beharrezkoa da D bitamina hori, hezurren kaltzifikazioa edo hezurren mineralizazio hori egokia izan dadin.

Bitamina hori hartzeko ia %80 batean, guk sortua da, horretarako beharrezkoak dira eguzki irradiazio horiek. Ondoren, portzentaje txiki batean, %20an, dietan hartu dezakegu.

Eguzkia ez daukagunean, hortxe dago koxka! Gorputza erdipurdian inteligentea da, askotan laguntza eskatu behar izaten du. Egia da dietan hartu dezakegula, ez aitzindari hori bezala baizik eta animaliek eraldatu duten bitamina modura. Bitamina hori topatu dezakegu animalien haragietan, gibelean, arrautzetan, zenbait zerealetan. Askotan fijatuko gara esne eta zereal asko badatozela D bitaminaz eta kaltzioz hornituta. Zenbait zerealek berez badute, eta batez ere animalia jatorriko haragi eta arrautzek.

Orduan dietatik ere hartu dezakegu baina hemen, ikerketa eginez gero ikusiko dugu, benetan D bitamina eduki beharko genukeen neurrietan baino baxuago daukagula. Eskas gabiltzala D bitamina horrekin.

Esaten da 65 urtetik gorakoetan, %80ak badaukala D bitamina horren falta eta bestalde, unibertsitate adinean dauden horien artean egindako ikerketa baten arabera, gazteetan ere %20ak ere D bitamina horren gabezia dauka. Pentsa eguzki esposizio ezak zertara eraman gaitzakeen.

Eskandinviar herrialdeetan adibidez, eguzki orduak gutxiago direnez, badituzte terapia aurreratu batzuk, fototerapia deritzonak. Errusian adibidez, fototerapiak egiten dizkiete ikastetxeetan, solariumera joango balira bezala.

Egia esan gure gorputzak behar duen D bitamina hori sortzeko eguzki esposizioa oso txikia da. 10-15 minutu egunero manga motzean eta aurpegia bistan ibiltzearekin behar duguna lortuko genuke. Ez da bost orduz egon beharrik D bitamina neurri egokian edukitzeko. Baina egia da egunero esposizio bat behar dela. Eta egia da bost hilabete daramazkigula ia eguzkirik ikusi gabe.

Ohiturak ere eragina dauka. Gure ohiturak dezente aldatu dira. Lehenago bizi guztia kalean egiten zen, nahitaez ez eguzkiak ematen zizun. Geroz eta tendentzia gehiago daukagu gure jarduerak etxe barruan edo eraikin barruan egiteko, bai eskolan, bai ofizinan, eta orduan eguzki esposizio hori geroz eta txikiagoa da.

Bestalde, kulturalki badaude zenbait pertsona azala tapatuta eramaten dutenak. Kultura islamiarra esaterako, adibidez janzkeragatik, gehiengoa tapatuta eramateko ohitura dute eta orduan arropak ere babesten gaitu eguzki izpietatik, kasu hauetan D bitaminaren gabezia egotea ohikoa izan daiteke.

Eta bestetik, lau aldiz eguzki irradiazio gehiago behar du azal beltzaran batek, azal argi batek baino, D bitaminaren kantitate berdina sortzeko. Azal beltzaranak ordubeteko eguzki espozizioa beharko du.

Hortaz azal beltzaraneko jendea eguzki gutxi dagoen lekuan biziz gero, beraiek ere D bitamina horren falta seguru izango dutela.

Bestalde dietari erreferentzia eginez, hesteetako xurgapenak eragozten dituzten gaixotasunek ere gabezi bat emango digute. Adibidez, zeliakia daukatenek edo kolitis ulcerosa dutenek. Arazo gehiago izan ditzakete D bitaminaren balioak egokiak izateko.

Zenbait medikamentu hartzen dituztenek ere arazoak izan ditzakete. Epilepsia daukatenek eta epilepsiaren kontrako farmakoak hartzen dituztenek, esaterako. D bitaminarekin interakzionatzen dute eta nibelak jaisten dituzte, edo kortikoideak edo esteroideak hartzen dituztenek. Horrelako jendearengan ikusten dugu gabezi hori.

Gabezi hau dagoenean, hezurren mineralizazioa jaisten da, orduan hezurrak hauskorragoak bihurtzen dira. Eta hausturak bezalako arazoak topatu ditzakegu. Erorketa xume bat izatea agian, eta hausturak gertatzea.

Ikerketek zehazten dute zenbat D bitamina behar dugun. Adibidez, urtebetetik beherako haurrek 400 unitate behar dituzte. 30etik beherakoek 600 unitate behar dituzte egunean, eta 70 urtetik gorakoek 800 bat unitate behar dituzte. Jendea zenbat eta helduagoa izan, orduan eta gutxiago ateratzen da kalera, beraien metabolismoa ere makalagoa da. Beraien gorputzak sortu dezakeen D bitamina kopurua jaitsi egingo da adinarekin, gainera dietak ere ez dira horren anitzak izaten. Adinduek beti dute ohitura lau gauza jateko, kantitate handitan, ez dira gehiegi etxetik ateratzen. Gainera hauen hezurrak, bai adinagatik, osteporosia izan dezaketelako hauskorragoak dira. Arriskuak identifikatzen ditugunean, D bitamina eta kaltzioarekin osatzen ditugu. Ez badute nahikoa sintetizatzen, ez badute nahikoa dietatik hartzen, sartu egin behar izaten zaie.

Pediatrek hemengo haurrei beti D bitamina urtebetetik beherako haurrei osagarri bezala gehitzen diete. Haur guztiei ematen zaie D bitamina hori, ikusi baita amaren esneak oso D bitamina gutxi daukala, ia apenas, zero. Urtebeteko haurrei eta edoskitze naturalarekin daudenei, denei osagarri modura tanta batzuk ematen zaizkie.

Hemen, herrialde garatuetan, hainbat gaixotasun gaindituta daude. Esaterako, errakitismoa, D bitamina faltagatik. Beste herrialde batzuetan elikadura baliabiderik ez dituztenetan oraindik orain ikusten da. Gure ama eta amonen garaian, haurrei behi gibel olio koilarakada bat ematen zitzaien, D bitaminan oso aberatsa baitzen. Gaur egun jada modernizatu gara eta jaio ordurako badaude tanta batzuk osagarri bezala emateko, edoskitze garaian dauden haur horientzat.

Bestalde, formula artifiziala edo esne hautsa erabiltzen dutenek ez dute horren beharrik, izan ere esne horiek berez datoz bitamina horiekin. Hala ere, esne hauts horren litro bat hartu beharko luke ume bakoitzak, egunean behar den D bitamina horretara iristeko. Orduan nahiz eta biberoiarekin hazi litro oso bat edatera iristen ez diren arte, hauei ere tanta osagarriak ematen zaizkie. Momentuz urtebete arte, gero suposatzen da eguzkia xurgatuko dutela eta dietatik ere hasiko direla konponente horiek hartzen.

Egia da duda bat badagoela. Hainbesteko propoganda egin dugu eguzkitik babestu behar dugula azala eta haurrak ez ditugula eguzkitan jarri behar, protekzio oso altuko kremak erabili behar direla eta likra edo neoprenozko trajeak hondartzarako. Honakoak jarraituta, eguzki izpi oso gutxi xurgatuko dira. Gauza baterako ondo gabiltzanean, besterako justu ibili gaitezke. D bitamina horren fabrikazioa konprometitzen ari gara. Orain korronte berriek diote, beharbada hondartzara joaten garenean, 10-15 minutu egon gintezkeela inongo protekziorik gabe eta ondoren krema eman.

Hortaz eguneko lehen orduan edo eguneko azken orduan protekziorik gabe uzteagatik ez da ezer pasako.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!