Kolikoak giltzurrunetan harriak sortzen direnean ematen den min horiek dira. 30 eta 50 urte inguruko pertsonengan ikusten da gehiago. Esaten da gizartearen %12ak sufrituko dituela koliko horiek eta gizonezkoetan ematen da gehiago, emakumezkoetan baino. Esaten da ere, giltzurruneko harriarengatik behin koliko bat izan duenak, gehiago ere izango dituela. Eta arazo izatera iritsi daiteke.
Guk ere perlak sortzen ditugula esan genezake, ostrak-eta bezala. Gizakiok leku askotan sortu ahal ditugu perla horiek, horietako batzuk giltzurrunean.
Zergatik sortzen dira? Gernuan materia batzuen gainasetzea ematen delako. Egoera irudikatu ahal izateko demagun baso bat ur hartu eta azukre koilarakada bat botatzen diogula, azukre hori uretan disolbatuko da, baita bigarren koilarakada bat ere, baina segur aski hirugarrena eta laugarrena botatzen baditugu azukrea ondora joango da. Berdin gure gernuan. Materia baten gainasetzea ematen bada, materia hori behean geratuko da, hondar xehea edo izango da hori, hor kristalezko matriz batzuk sortuko dira eta matriz horien gainean partikulatxoak gehitzen joango dira eta pixkanaka, urteen poderioz, harritxoak sortzen joango dira. Harritxo horiek giltzurruneko hodixkan geratuko dira. Harria txikia bada eta nahiko leku badu, ez du eragozpen gehiegirik sortuko, baina harritxoa giltzurrunetik gernu hodira mugitzen hasten bada, hau da, gernua giltzurruneko puxika edo maskurira eramaten duten hoditxoetara mugitzen bada buxatu edo trabatu egingo da, ezingo du aurrera egin. Izan ere, hoditxo horiek ez dira tutu zurrunak, gernura gerturatu ahala irekitzen doaz eta beraz, tutu txiki horretan harri txiki bat geratzen bada, gernua buxatu egingo da eta ez du utziko materia behar bezala pasatzen. Ondorioz, gernu hori giltzurruneko bideetan metatuko da eta mina hasiko da.
Min etengabea da eta bizkarraren inguruan sortzen da, giltzurrunetan. Gernu hori pilatzen joan ahala ureter horretan distentsioa emango da eta harria bota ahal izateko espasmoak eraginez erantzungo du. Espasmo eta distentsio horiekin hasten da min kolikoa. Etengabeko mina sortzen dutela esan dugu eta tarteka zartakoak ere ematen ditu.
Sortzen diren harriak ez dira perfektuak, ez dira borobil perfektuak, ertzak izan ditzakete, puntak... eta ondorioz, zauriak sor ditzake eta pixa egiterakoan esaterako, odol pixka bat sortu dezakete.
Larri etortzen dira minarekin etortzen direnak. Gure lehen egitekoa mina arintzea izaten da eta horretarako hanturen edo inflamazioen aurkako sendagaiak erabiltzen ditugu. Behar izanez gero, mina kentzeko bestelako medikamentuak ere ematen ditugu, baita oka ez egiteko edo ezinegona arintzekoak ere. Behin hori eginda hasten dugu ikerketa. Hau da, guk jakin nahi dugu harri horiek zer diren. Harritxoen %80 kaltzioz osatutakoak izaten dira eta badaude estrubita dutenak ere, guk ere mineral asko baititugu.
Medio batean egon edo bestean harritxo horien materiala aldatuko da. Hau da, medio alkalino batean edo azidotasun gutxiko medio batean, estrubita edo kaltziozko harriak sortuko dira eta medio azido batean azido urikozko harriak sortuko dira. Dena den, akats metabolikoak ematen direnean ere sortzen dira. Badira beste material batzuez osatutako harriak ere, hala ere.
Orokortuz, zergatik sortzen dira harritxoak? Dietan substantzia jakin bat gehiegi sartzen dugulako. Esaterako oxalatozko harriak sortzen badira, baliteke oxalatoa duten substantzia gehiegi sartzea; kafea, txokolatea, espinakak, kola daukaten edariak... Egia da, hala ere, pertsona batzuek harri gehiago dituztela beste batzuk baino, eta hori izan daiteke pertsona batzuk ez dituztelako substantzia horiek kanporatzeko beharrezkoak diren entzimak. Oxalatoa hesteetan xurgatzen da batez ere, eta hori gaixotasunetan ikusten da, batik bat; zeliakoak diren pertsonengan, Crohn bezalako hesteetako gaixotasun inflamatorioetan, kolitis ultzerosoetan... Baita, hesteetako kirurgiaren bat izan dutenengan ere. Nahiz eta dietan kantitate normal bat hartu, kirurgia izan dutenek arazoak izan ditzakete.
Kalte egiten diguten substantzia horien kontsumoa gutxitzea komeni da, baina egia da badaudela prebenitzeko aukerak. Aurretik aipatu ditugun medio horiek zaintzea ere komeni da, hau da, gure gernua azidoa izan ordez, alkalinoagoa bada, dietan hori kontuan hartzea komeni da. Kasu asko daude eta baten batek esango du, «ba nik ez ditut azido urikoa duten elikagaiak hartzen eta azido urikoko harriak ditudala esan didate». Hori gertatu ahal da animalia jatorriko proteina gehiegi jateagatik, esaterako. Proteina horiek gure gernua azido uriko bihurtzen dute, eta medio azidoan azido urikozko harriak sortzen dira.
Tratamendua
Hasiera batean tratamendua jartzen dugu eta ondo badoa, jarraipena egiten dugu. Gorputza bere kabuz eta espasmo bidez harria kanporatzen saiatuko da. Zazpi milimetro baino txikiagoak diren harriekin eman daiteke hori, baina harri hori handiagoa bada, gorputzak ezingo du beti harria bere kabuz kanporatu.
Pazientea etorri eta lehen faseko pausoak emanda dena ondo joan bada, hau da, tratamenduak funtzionatu badu eta analitiketan giltzurrunaren sufrimendu daturik ez badugu, bere horretan utziko dugu. Baina pertsona hori bigarren aldiz badator ikertzen hasiko gara, eta lehenik eta behin, harri hori ikusi ahal dugun aztertuko dugu, erradiografia edo ekografia bidez. Harria badagoen, non dagoen eta tamaina ikusi behar ditugu, horrela jakingo dugu gorputzak bere kabuz kanporatu ahal izango duen edo lagundu behar diogun. Batez ere, harri horren kokagunea da garrantzitsua, gernuari buxadurarik edo trabarik sortuko dion ikusi behar baitugu. Gernua giltzurrunean pilatuta geratzen bada kaltegarria da: batetik, geldi geratzen den likido guztiek infekziorako joera dutelako eta bestetik, gehiegizko pilaketa horrek sortzen duen presioak berak giltzurruneko ehunak kaltetu ahal dituelako.
Prostatarako erabiltzen den tratamendu bera erabiltzen dugu ureterretako muskuluaren espasmoak gutxitu eta uretra horiek irekiago mantendu ahal izateko, era horretara harri horri beherakako bidean lagunduko baitiogu, beti ere, harria txikia denean.
Harria handia denean, aldiz, bere bila joan beharko gara. Kirurgia endoskopikoa egiten da orduan. Litrotizia erabiltzen da, hau da, ultrasoinuak erabiliz zazpi milimetro dituen harritxo hori harritxo txikiagotan puskatzen da, gorputzak bere kabuz kanporatu ditzan. Bi milimetro baino txikiagokoak diren harri zatiak oso erraz ateratzen dira, baina hori baino handiagoak diren zatiak geratuz gero, kateter bat sartzen da ureterrean bertan. Funtsezkoa da beraz, elikadura zaintzea eta gainasetzea ekiditea. Behar beharrezkoa da gutxienez bi litro gernu sortzea egunean, eta horretarako likidoa sartu behar dugu gure dietan. Garrantzitsua da urteko sasoia kontuan hartzea; neguan gutxiago beharko dugu, udaran bero latza egiten duenean behar duguna baino, behintzat.
Bestetik, animalia jatorriko proteina gehiegi hartzen da orokorrean, eta gutxitu behar da. Gernua azidoagoa izatea egiten dute, eta beraz, azido urikoko harritxoak sortu daitezke. Jakina, berdura eta fruitu gehiago jan behar dira. Fruitu zitrikoek, batez ere, zitratoa izeneko substantzia dute eta horrek kaltziozko harriak sortzea ekidin dezake. Zuntza jatea ere oso garrantzitsua da, hesteetan zenbait substantzien xurgapena atzeratu edo gutxitzen duelako. Omega 3 grasak dituzten produktuak ere oso baliagarriak dira.
Esnekiak ere aipatu nahi ditut. Esan dugu harritxo gehienak kaltziozkoak direla eta esnekiak kaltzioan dira aberatsak. Horregatik egon dira korronte batzuk esnekiak debekatuz, baina badaude ikerketak hori ez dela horren egia esaten dutenak. Beharbada, esneki gehiegi hartzen dutenei eragingo die, baina orokorrean, esnetik datorren kaltzioa behar dugu; gure dietatik bat-batean kaltzio guztia kentzen badugu arazoak sortu daitezke, izan ere, gure gorputzak kaltzioa behar du bihotzeko taupadak sortzeko eta abar, eta ez badugu hartzen, gure gorputzeko kaltzio deposituetatik hartuko du, hau da, hezurretatik.