Dardara moten inguruan

Erabiltzailearen aurpegia Aitziber Alzaga 2018ko ots. 17a, 12:30

Hainbat faktorek eragiten dute dardara. Kontsultara jende asko erakartzen du eta beldurra eta kezka sortzen ditu. Dardara gihar agonista eta antagonista uzkurtzean ematen den desoreka baten ondorioz sortzen da.

Orokorrean, geldi gaudenean bi giharren arteko oreka bat ematen da eta ez da arazorik egoten, baina bien arteko oreka ez denean bat-batekoa, dardara sortzen da, hain justu, desoreka bat sortzen delako. Dardara horrek esanahi fisiologiko edo normala izan dezake, edo patologikoa, hau da, gaitz bati lotuta egon daiteke. Egia da dardara guztiak ez daudela gaitz bati lotuta, beraz.

Badaude dardara 'normalak'. Esate baterako, pultsua. Askotan esaten da, «ze pultsu txarra daukazun!», baina hori dardara fisiologiko bat da, ez da ezer txarra. Norberak duen ezaugarri bat da eta ez da kezkatzeko modukoa. Egia da ere, dardara fisiologiko hori zenbait egoeratan nabarmenagoa izaten dela. Esate baterako, alkoholikoek alkoholik ez dutenean, dardarizoa izan ohi dute. Dardara fisiologikoa da, ez besterik, baina muturrera eramanda. Hipertiroidesa dutenei ere, metabolismoaren azkartze bat dutelako, berezkoa duten dardara gehitzen zaie. Beste batzuetan dardara urduri gaudelako ematen da, sukarra dugulako edota hotzak akabatzen gaudelako. Hotzez gaudenean gure gorputzak giharrak aktibatzen ditu, uzkurtu daitezen, eta berotasuna eman dezaten. Horiek guztiak dardara fisiologikoak dira, eta sendatuko dira sendatu behar direnean, ez dira larritzeko moduko dardarizoak.

Kontsulta behar duten dardarizoak beste batzuk dira eta horiek bi taldetan banatzen ditugu; esentzialak eta gaixotasun garrantzitsu batekin lotura dutenak, parkinsona. Zaila da biak desberdintzen, biak adinean aurrera goazela azaltzen baitira. Bat onbera da, esentziala deitutakoa, eta egunerokotasunean sortu ditzakeen galerez gain, dardara horrek ez du beste ondorio txarrik izango. Baina besteak, parkinsonak, bai, horrek kalteak sortuko ditu.

Dardara esentziala 40-50 urte inguruan sortzen da eta badu familiartasun bat; esaten da familia guztiak egiten duela dar-dar. Osagai genetikoa du, hau da, ez du esan nahi familiako guztiei eragingo dienik, baina badu zerikusirik. Dardara hori ekintzazkoa da, hau da, normalean geldi gaudenean ez da nabarituko, baina jarrera jakin bat hartzen dugunean aktibatu egingo da, edalontzi bat hartzerakoan esaterako. Zerbait egitera goazenean edo postura jakin bat mantendu nahi dugunean sortuko da. Normalean simetrikoa izaten da, dardara bi gorputz adarretan azalduko da, batera; ezkerreko eta eskuineko eskuan, aurpegiko bi aldeetan... Mailak daude; dardara txikia duenak, aurrera egiteko arazorik ez du izango, baina beharbada, dardarizo handia duenak zenbait gauza ezingo ditu egin. Urduritzean dardara areagotuko da. Heriotzarik ez du sortzen, baina mugatzen du. Badu erremediorik, muturreko kasuetan, batez ere. Egunerokoan enbarazu egiten duenean, sendabidea jartzen da; betablokeatzaileak jartzen dira, dardara blokeatzen duten sendagai batzuk dira. Oso-oso muturreko kasuetan zirugiak ere egiten dira.

Esan dugu genetikak baduela zerikusirik dardara horietan. Badago asoziazio genetiko bat, beraz; gene batek baino gehiagok hartzen dute parte eta autosomiko dominanteak dira, hau da, behin agertzen bada, gene hori gainartzailea izanda, familiako gizabanako gehiagori eragingo die.

Parkinsona da beste dardara mota eta hori bada patologikoa. Biztanleriaren %1ari eragiten dio, 100 pertsonatik bati, alegia, eta kopuru hori altua da. Alzeimerraren atzetik, gaixotasun neurodegeneratiborik zabalduena da. Heriotza zuzena sortzen ez badu ere, mugikortasun arazoak sortzen ditu.

Parkinsona bitan sailkatzen dugu: berez sortutako gaitza dago, batetik, eta sendagai bidez sortutakoa, bestetik. Badaude-eta sendagai batzuk parkinsona eragin dezaketenak, batez ere, psikotikoak direnak. Sendagai horiek gaizki erabiltzen badira, luzaroan edo, parkinsonaren antzeko gaixotasunak sortu ditzakete, pseudoparkinsonismo edo parkinson farmakologikoa bezala dira ezagunak.

Baina normalean parkinson ideopatikoaz ari gara. Adina aurrera goazela azaltzen da, 60 urtetik aurrera, normalean. Sintomak hasieran nahiko arinak izaten dira; dardara ez da oso nabarmena eta ez da simetrikoa izaten, hasieran behintzat gorputz adar bati eragiten dio eta urrutian dagoena izaten da normalean, eskua edo hanka punta, esaterako. Oso bereizgarria den dardara eragiten du, gainera. Dardaraz gain, mugimenduak moteltzen joaten dira, esterako eserita egotetik zutitzerako garaian, asko kostatzen zaie. Parkinsona dutenek ibilera ere oso bereizgarria izaten dute.

Joera genetikoa dago parkinsona sortzerakoan, eta horrez gain, beste faktore batzuk ere badaude. Azken finean, parkinsona ematen denean, gure burmuineko oinarrizko gongoiletan degenerazioa ematen da, batez ere, dopaminarekin funtzionatzen duten neuronetan. Eta hori gertatzen da genetikoki badagoelako aurretiko joera bat. Ikusi da familietan, batez ere, goiz hasten direnen artean, 40 urteen bueltan edo, badagoela familia agregazio bat.

Parkinsonarekin zerikusia duten 11 gene antzeman dituzte gutxienez. Geneez ari naizenean, ari naiz arkitekto bat planoez ariko balitz bezala. Plano horiek interpretatuz gure gorputzak proteina batzuk sortzen ditu, eta proteina horiek hamaika funtzio beteko dituzte. Eta, beraz, gene horretan akatsa sortzen bada, sortuko den proteina hori ere, ez da funtzionala izango, edo bere funtzioa gaizki beteko du. Horrela agertzen dira gaixotasun genetiko guztiak.

Aurreikusi al daiteke? Sumatu daiteke, baina gene hori edukitzeak ez du esan nahi gaixotasuna garatuko duenik. Kuriosoa da; genetikaren inguruan ikerkuntzan ari gara etengabe, eta momentu honetan ematen du gaixotasun guztien sendabidea genetika ezagutzean datzala, eta oso kuriosoa dela diot, euskaldunok badugulako zer eskainia. Gipuzkoan, Donostiako Ospitalean, badago gene horren ikerkuntzan dabilen talde bat, eta mundu mailako idatziak prestatzen ditu. Talde horrek ikerkuntzarako hemengo gene baten lerroa jarraitu du. Azpeitia-Azkoitia eta Deba-Itziar inguruan parkinsonak jotako familia asko zeudela ikusi zuten ikertzaileek eta urteka bilatuta, gene bat aurkitu zuten eta gene horrek sortzen duen proteinari Dardarina izena jarri diote. Beraz mundu mailan euskaldunok badugu gure ekarpena Dardarina horrekin.

Esan dugu mugimenduak moteltzen dituela, dardarizoa sortu... baina alterazio psikiatriko eta kognitiboekin ere lotu izan da, baita dementziarekin ere. Eragin asko ditu; ahotsari eragin ahal dio, oreka arazoak sortzen ditu, digeritze aparatuari ere eragiten dio... Bizitza luze eta desatsegina sortu dezake parkinsonak, beti ere kontrolatzen ez bada.

Parkinsona duten askok sendagailekin oso ondo kontrolatzen dute gaixotasuna eta bizimodu normal bat eman dezakete, baina badira ere kalte asko jasaten dutenak.

Autonomia galtzera ere eraman dezake, eta horrek beste arazo batzuk sortu ditzake. Ez dugu nahi beste norbaiten menpe bizi eta gaixotasun honek autonomia hori mugatu dezakeenez, arazoak sortu ditzake.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!