Egia da kexa gehien eragiten duten ileak burukoak direla. Itxura jakin bat ematen digute eta falta denean arduratzen gara. Horregatik dago mundu osoko negozio askoren muinean.
Buruko ileek beroa gal ez dezagun eta eguzki argiak buruko azala erre ez dezan ahalbidetzen dute. Burusoilak direnei txapelak eta antzekoak eramateko gomendioa egiten diegu, eguzkitan denbora asko egon behar badute melanoma edo antzekoak izateko arrisku gehiago izan baitezakete. Neguan beroak burutik alde egiten du eta babestea komeni da. Haur jaioberriei txanotxoa janzten diete, hipotermia arazoak eduki ez ditzaten.
Biloa ere badugu, gutxiago ikusten da, baina gorputz guztian dugu. Gune estrategikoetan lodiagoa da. Baina estetikak aginduta leku askotatik kentzen dugu, eta betirako kasu askotan. Moda egoten da horren atzean.
Ileak bere sustraitxoa du, azalaren barruan daukaguna, erraboiltxoarekin, eta hortik hazten da. Hortik hartzen du elikagaia.
Ileek hainbat fase izaten dituzte. Gure gorputzeko ia ile gehiena hazkuntza fasean dago. Egunean 0,35 milimetro edo hazten dira ileak eta urte bukaerarako 10 eta 15 zentimetro artean hazi daitezke. Ilearen hazkuntza fase horrek luze irauten du, hiru eta zortzi urte artean. Adibidez, buru gaineko ile horrek hiru urte irauten du fase horretan, etengabe hazten; belarri gaineko ileak bost urte ematen ditu hazten; eta lepoaren gainekoak zortzi urte arte.
Hurrengo fasean hazkuntza geratu egiten da eta bizpahiru astez ez da hazten. Gerora erori egiten da. Ileak beraz, ziklo bat betetzen du eta bost urte pasatzean, hazteari utzi eta erori egingo da.
Egunero 80 eta 100 ile artean erortzen zaizkigula esaten da, bere fasea bukatu delako. Atzetik, sustraian, beste iletxo bat hasiko da hazten. Gure bizitzan folikulo iletsu bakoitzak 20 ziklo bete ahal ditu, 20 ile berri sortuko ditu, alegia. Ile horiek zenbat eta arinago galdu, orduan eta lehenago hilko da folikulo hori eta ez du ile berri gehiago sortuko.
Ilea galtzea, hortaz, fisiologikoa izan daiteke. Jaiotzean iletxo fin batekin jaiotzen gara eta lehen hiru hilabeteetan galtzen dugu, gero, pixkana, hurrengo urtebetean edo bi urtean, behin betiko ilea ateratzen zaigu.
Pubertaroan beste aldaketa bat bizitzen dugu. Animaliek ilea aldatzen duten bezala, guri ere aldatzen zaigu, gehiegi konturatzen ez bagara ere. Pubertaroan hormonen leherketa hori dela eta, ile aldaketa ematen da. Normalean ilea iluntzen eta gogortzen da hormonen eraginez. Heldutasunean ere beste aldaketa bat izaten dugu, 40 urte inguruan edo; ilea zuritzen hasten da, berriz ere gogortzen da, leku batzuetan erori ere egiten da...
Ilea galtzea beraz, fisiologikoa izan daiteke, normala izan daiteke, eta ez da beti larritu behar.
Sexuaren araberako aldeak ere badaude hormonak direla eta. Alopezia androgenikoa gizonezkoetan da ugariagoa. Horrek ez du esan nahi emakumeetan ematen ez denik. Emakumeen kasuan ilea soilduta ikusten da askotan, erorketa ez da horren nabarmena izaten, baina ematen da. Galera hori orokorragoa izaten da gainera, ez da leku bakar batean ematen. Kasu askotan ile asko izatetik gutxiago izatera pasatzen dira, besterik ez.
Baina zergatik gertatzen da?
Hormona eta genetika kontua da. Badago aurretiko baldintza genetiko bat. Poligenetikoa da eta beraz, ez da matematika; hau da, aita burusoila bada, ez du esan nahi semea ere burusoila izango denik, ez dago zertan, aukera gehiago izango du aita burusoila bada, baina ez da matematika. Burusoiltasuna amaren kromosometatik ere etorri daiteke.
Genetikak pisua du ilea galtzerakoan, baina badira beste elementu batzuk ere; dieta ezegokia, bitamina falta, estresa, tabakoa, alkohola, gaixotasun batzuk, zenbait sendagai...
Ilea galtzerakoan testosterona hormonak ere badu zerikusia. Testosterona hormonak entzima baten bidez beste produktu batean bihurtu eta ilearen folikuluaren hazkuntza bizkortzen du. Beraz, lehen hiru urtetan hazteko programatuta zegoen iletxo hori, askoz azkarrago hazten da eta ez dio denborarik ematen ile heldu eta gogor bat sortzeko, sortutako ile ahulago hori lehenago erortzen delarik. Denborarekin folikulotxo hori hormonaren eraginez denbora guztian degeneratzen da eta ez da ile gehiago sortzen. Horregatik esaten da hasierako fase horietan tratamenduarekin hasiz gero, ilea galtzea ekiditeko aukera gehiago dagoela. Badaude tratamenduak. Gel edo pilula batzuk badaude, baina oso konstanteak izan behar gara. Hartzeari uzten badiogu, ordura arte hartu dugun guzti horrek ez du balio eta ordura arte erori ez den ile hori guztia bat-batean eroriko da. Tratamenduarekin hastea erabakitzen den momentutik jakin behar da oso konstantea izan behar dela. Zaila da, ez dago formula magikorik. Zientifikoki frogatutako bizpahiru produktu bakarrik daude, eta ikusita dago nahigabeko ondorioak izaten dituztela, batez ere antiandrogenoen artean. Prostatarako erabiltzen diren pilula batzuk dira eta %2 edo 3ari libidoa jaisten dio.
Mikrotxertoak daude orain bogan, ondo joaten dira, baina hasierako fasean egiten badira, hau da, odol hoditxoa bizirik dagoenean eginez gero. Behin folikuluak hilda daudenean egiteak ez dauka zentzurik.
Ilea erortzen da fisiologikoki bere hazkuntza bukatu eta erori egin behar duelako, beraz. Askok galdetzen dute ea zergatik erortzen zaien ile gehiago udazkenarekin. Hormonak ziklikoki jariatzeko gaude programatuta eta Europa alde honetan iraila eta urria aldean jariatzen dugu androgeno kopuru gehiena. Udazkenean ile gehiago erortzen da beraz, ileak hazkuntza fase hori bukatzen duenean. Bi hilabete horietan ematen da erorketa hori. Zuhaitzetan gertatzen da hori ere. Ile hori berreskuratu egiten da, hala ere.
Emakume askok erditu ostean galtzen dute ile asko. Haurdunaldi guztian hormona kopurua oso altua izaten da eta gero, bat-batean, erditu bezain pronto, hormona kopurua nabarmen jaisten da. Plazenta da hormona sortzaile nagusia eta hori galtzerakoan hormona jariatze horiek gutxitu egiten dira. Erditu eta bi hilabetera ile asko galtzen dute eta bizpahiru hilabete behar dira ile hori berreskuratzeko.
Ile asko galtzen badugu, 80 ile baino gehiago eguneko, eta denbora luzean ematen bada hori, kezkatzen hasi beharko ginateke. Ileak dirdira galtzen badu, ahultzen bada, erraz hausten bada... analisiak egitea ondo legoke.
Faktore asko egon daitezke ile galeraren atzean, baita lana gauez egitea ere. Gaueko loak ezaugarri erregeneratzaileak ditu eta horiez gain, ilean ere eragina du. Gaueko ordu horietan hazten dagoen ile horrek keratina hartzen du eta beraz, gaueko atsedenaldi horiek ilearen kalitatean dute eragina.
Ilea nabarmen eta denbora luzez galduz gero larritu behar gara. Sendoa den ilea eroriz gero, ez da arazorik egoten, bere hazkuntza fasea bukatu duelako erortzen baita, arazoa ile motz eta ahula erortzen denean egon ohi da.