Interbentzio planetan, esaterako, azken bost urteetan erretzaile kopurua nabarmen behera doala ikusi dugu. Gizonezkoak erretzeari uzten ari ziren, baina emakume erretzaileen kopurua goraka zihoalako geunden bereziki kezkatuta. Eta batez ere, emakume gazteen artean. Baina azken joera, emakumeen artean ere erretzaile kopurua beherantz doanarena da. Oraindik ere, 44-64 urte artean, erretzaile sutsuak dira, eta goraka joan dela esango nuke, baina datuak orokorrean onak dira. Datu orokorretan, erretzaile kopurua jaitsi egin da.
Zein dira erretzen dutenak? Bada, betiko moduan, arazo gehien dituztenak eta ikasketa maila baxua dutenak edota maila sozioekonomiko baxuagoan daudenak, hau da, arazoengatik edota informazioa ez delako behar bezala iristen izan daiteke.
Alkohola edateaz
Alkoholarekin, justu, kontrakoa gertatzen da, eta horrek harritu nau pixka bat. Guk alkohol edaleak gisa, alkoholismoan erori edo arazoak dituztenak sailkatzen ditugu. Baina hauen kopuruak ere behera egin du. Batez ere gizonezkoak ziren, eta kasu honetan ere, emakumeen artean gora egin du alkoholarekiko arazoa dutenen kopuruak.
Bi sailkapen mota egiten ditugu, batzuk alkoholismo arazo bidean daudenak eta besteak puntualak direnak, hau da, astean zehar edaten ez dutenak, baina asteburua iristean loreontzien azpiko likidoa ere edaten dutenena. Honetan ere, joera jaisten ari da. Ez daude hainbeste edale. Ondo goaz.
Eta kasu honetan, bai egin zait deigarria. Alkoholak badu kontrako erlazioa ikasketa maila eta egoera sozio-ekonomikoarekin. Ikusi da, gehien edaten duen taldea, justu, unibertsitate ikasketak dituztenen artean dagoela, eta gainera, egoera ekonomiko oparo batean daudenak dira. Nik uste nuen penak itotzeko edaten genuela, baina azterketa honek dioenaren arabera kontrakoa ematen da. Ziurrenik festarekin lotzen da, eta festa egiteko denbora librea behar dugu, eta poltsiko beroa.
Azterketaren emaitzak Euskal Autonomia Erkidegoak dira, eta eskualdeka edo begiratuz gero, desberdintasunak egon badaude baina, oso puntualak dira. Errekurtso gutxiago duen jendea pilatzen den lekuetan-eta, hipertentsio edota kolesterol arazoak igo egiten dira, baina ezin da esan askoz gehiagorik. Tolosaldera begiratuta ikusi dudan ezberdintasun bakarra litzateke, orokorrean osasun hobea daukagula, egoera sozio-ekonomiko hain kaskarra ez dugulako, edota honek osasunean ere eragin zuzena du edo sentsazio hori dugu. Kolesterol eta hipertentsio gutxiago ditugu, baina aldi berean, beste gauza batzuk galdu ditugu.
Esaterako, gure eskualdean, besteekin alderatuta barazkiak eta fruituak jateko ohitura gutxiago dugu, eta nola liteke, baratzez inguratuta egon eta merkatuek Tolosa, Ordizia eta Donostia duten indarra izanda! Harritu egin nau. Pena da. Ditugun baserritarrak izanda, azokara joan eta erosteko deia egiten dut.
Onerako, berriz, bularreko minbiziaren prebentzioan oso inplikatuta dagoen eskualdea gara. Partaidetza oso altuarekin. Koloneko minbiziaren kasuan ez gaude hain ondo; beldurra ematen digu kolonoskopiak-eta egiteak. Baina orokorrean ez gara asko ezberdintzen beste eskualdeetatik.
Zaindu dezagun egunero, ahaztu gabe, gure gorputza, burua eta garuna. Nagusitan xahar sanoak izan nahi dugu eta!