Osasuna ez da gaixotasun eza (I)

Erabiltzailearen aurpegia Aitziber Alzaga 2016ko eka. 11a, 11:00

Eguraldiak eragina du gure osasun psikologikoan eta hori ere osasuna da. Osasuna ez da gaixotasun eza, hori ez da osasuna, baizik eta ongizate fisikoa, psikikoa, mentala, soziala,... dena da osasuna.

Egon gintezke gaixotasunik gabe, baina mentalki ez oso ondo edo fisikoki gaizki sentitu edota gogo aldarte baxua izan. Horiek denak ondo eduki behar ditugu osasuntsu egoteko.

Udaberriak, udak, eguraldi onek eta planak egiteko aukerek laguntzen dute.

Gure osasun egoera

Kaskarra ez. Egiten ditugun gauzek badute bere isla gure osasunean. Osakidetzak bost urtetik behin osasun inkestak egiten ditu gure osasun egoera zein den aztertzeko. Datuak ez dira txarrak. Euskaldunen osasun egoera nahiko baikorra da.

Osasunaz dugun pertzepzioa pixkanaka geroz eta hobea da, hau da, orain dela bost urte baino hobea da. Hor islatzen da gure bizi itxaropena ere gorantza doala. Batez ere emakumeetan ikusten da gora doala. Baina bizi itxaropena luzatzen ari den arren, gure bizitzako azken urte horiek ez gaitasun puntu batekin bizitzen ditugu. Ez gaitasuna diodanean, egunerokoan gauzak egiteko ditugun zailtasunez ari naiz. Laguntza beharraz.

Bizi, bizi, luze bizitzen gara, eta azken urteak ez gaitasun egoeran bizitzen ditugu. Batez ere emakumeak dira, nahiz eta urte gehiago bizi, ez gaitasun egoeran horrekin bizitzen direnak. Hori da beste urteetatik honantz aldatu dena. Behar horien menpe bizi gara, eta horrek interbentzio sanitarioak aldatzera eraman gaitu. Soziologikoki ere laguntza gehiago beharko dute.

Zergatik pasatzen ditugu azken urte gehiago menpekotasun egoera horretan? Gaixotasunen kronifikazioagatik batez ere. Gaur egun gaixotasun gehienak ez dira hilkorrak, hau da, urte askotan mantendu ditzakegu. Esaterako, lehen bihotzekoa izaten zuenak bost urteko bizi itxaropena izan ohi zuen, eta gaur egun ez da horrela. Gaitzak hor daude, eta gizartearen %50ak gaixotasun kroniko bat dauka, eta 65 urtetik gora joaten bagara, %80ak du. Gizonezkoen kasuan, esaterako, hipertentsioa, kolesterola, edota lanagatik dituzten bizkarreko arazoak, hau da, min kroniko horiek.

Ahalik eta molestia gutxien ematen saiatu behar gara

Gure interbentzio plana lehenagotik hastea da, gaixotasun kroniko horiek ahalik eta beranduen azaldu daitezen. Eta prebentzio planetan ditugu: alkohola, tabakoa, ariketa fisikoa, loditasuna saihestea,... Hor daude, eta gehienek ez dute hiltzen, baina traba egiten dute. Traba asko. Hauek interbentzio sanitario asko eskatzen dituzte, eta gastua handitzen dute.

Lehen aipatu ditudan azterketek ematen dituzten emaitzen arabera aurreikuspenak egin daitezke, eta neurriak jarri. Helburua heldu sano edo osasuntsu batzuk izatea lortu behar dugu.

Egoera sozio-ekonomikoa

Gaitza bezain beste, gure egoera sozio-ekonomikoa hartzen dute kontuan. Esaterako, azken urte hauetan nabarmen ikusi dena da depresio, antsietate eta osasun mentaleko arazoak handituz joan dira. Gaitz horiek adin ertaineko emakumeetan ematen ziren, eta gizonak hein batean salbu zeuden. Langabezia eta ekonomia arazoak etorri diren heinean, ordea, adin kritikoetan zeuden pertsonak, 44-65 urte arteko pertsonak, alegia, eta langabezian geratu direnak, justu, hauetan igo dira antsietate eta depresio arazo guzti horiek.

Osasuna gure inguruko momentu eta egoeren arabera ere mugitzen da. Bilakaera ikusten da. Eragin zuzena dauka. Gehien, ikasketa maila baxua eta egoera sozio-ekonomiko baxua dutenei eragiten die.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!