Aitzakia izateak ez egitera bultzatzen ote gaituen pentsatzen ari nintzela iritsi da lankidea. Berandu iritsi da noski, baina bere hitzetan mezuan jarritako ordurako. Niretzat berandu iritsi da, beretzat puntuan. Eta biontzat aitzakia eta ez egitearen arteko harremana politika bezalako eremuetara estrapolatzea saihesteko garaiz.
Denok jaso dugu noizbait atzerapen bat jakinarazteko whatsapp bat, eta denok pentsatu izan dugu atzerapenez datorrena iritsi zitekeela garaiz benetan nahi izan balu. Ez ote da izango aitzakia jartzeko erraztasunak atzerapenarekin iristera bideratzen gaituela? Ez ote dugu jakinarazteko erraztasun telematikoa atzerapenarekin iristeko baimentzat hartzen?