Maule-Lextarre bidegurutze batean dago. Hegotik Iparrera Uhaitzandi (Ühaitza) ibaiak ardatz bat marrazten du hirian. Ekialdetik mendebaldera igarotzeko ere (Biarnoko Olorue eta inguruetatik) beste bide bat du Barkoxen edo Ospitalen barrena Behe Nafarroarantz. Zuberoa beti izan omen da erresuma eta lurralde arteko igarobide; Lextarre, zuberotarren ohiko bilgune.
Maule, Uhaitzaindi errekaz bestalde dagoen hiri zatia da berez. Lextarre izan da pilota plaza, Udaletxea, Andurain Jauregia eta Kurutze Zuria dauden lekua. Plaza hau Zuberoako Mendi Elkargoarena izan zen 1922. urtera arte; orduz geroztik da Mauleko udal jabetza.
Plazatik ekialdera luzatzen dudanean soa, gauza zoragarri bat hasten da gertatzen nire baitan: Maule-Lextarreko gaztelua parez pare! Litekeena da ni erratua egotea baina behin baino gehiagotan eta jende askori galdetu diot ea nik ikusten dudana egia den; orain arte ez dut ezezkorik jaso. Lextarreko gaztelua da nire ustean ikurrina bakarrik duen Euskal Herriko eraikuntza publiko-ofizial bakarra. Beste askotan bezala Zuberoan, denetatik esnatzen da nigan irudi horren aurrean: poza, arrangura, nahigabea… Poza badugulako euskal iruditegi hutsez ageri den eraikuntza publiko bat behintzat, eta arrangura eta nahigabea hegoaldean ezin dudalako horrelakorik ikusi.
Gaztelua Maule-Lextarreren hego-ekialdeko muino batean dago 200 metro pasatxoan. Ohi denez, beronen itzalean babesa lortu zuten gero Maule osatuko zuten biztanleek. Mauleon sendiaren armarria bizkonderriaren ikur izan zen, gero Maule herriak egin zuen bere eta gaur egun arte Zuberoako ikur da.
Gaztelua Burdin Aroko herrixka gotortu batean eraikia dago. Bertatik gertu erromatarren garaiko aurkikuntzak izan dira, eta badirudi Zuberoako bizkonderriaren aurretik Gaskoniako dukeek eremu gotortu bat izan zutela bertan eskualdea kontrolatzeko asmoz. Biarnotik eta Espainiatik distantzia laburrera eta estrategikoki bikain kokatua, fite bilakatu zen garrantzia handiko leku bat. Uhaitza Aranean balkoi bat bailitzan nabari da muino baten tontorrean. XV. mendean esaten omen zen «haren arrokaren gainean jarririk den Guienako gaztelu azkarrena».
Iristean, atean sartzen diren bi zubi altxagarri ikusiko dituzu. Barnean zarelarik laster atzemango dituzu gezi-zuloak. Hauek defentsa leku bat izan zela argi eta garbi salatzen dute. Turista-bisita bat egiten baduzu jakingo duzu kartzela izan zela, epaiketak egiten zirela, eta abar. Lurpeko 900 urteko ziega ilunak bisitatzen badituzu, zerbait sentituko duzu seguru asko. Gaztelu erdi-erdian orain hiru hamarkada pasatxo lurrikara batek lehortu zuen ur putzua ere ikusteko moduan izango zara. Buka dezadan Etxartek (turismo bulegoko euskal gida) dioena ekarriz: «Euskal Herrian zutik baratzen diren bakarrenetakoa da, gaztelu gotor gisa, itxura militarra duena. Hiru aldiz setiatua izan da, baina nehoiz ez zuten lortu bortxaz bertan sartzea. Eta Antso Handiak bere ondasunen zerrendan sartua zuen lehenagoko zurezko dorrea, 1023an jada».
«Turista-bisita bat egiten baduzu jakingo duzu kartzela izan zela, epaiketak egiten zirela, eta abar»
Gazteluan paratzen zarelarik, Xiberutik atal honetan kontatu izan ditudan zenbait istorio irudikatu ahal izango dituzu lasai ederrean. Baita kontatu ez ditudanak ere. Esaterako, 2019ko urrian idatzi nituen Bereterretxeren gaineko kontuak: gaztelu honetan izan ziren aipatu nituen agramondarren eta beaumondarren ezpata hotsak. Gaztelu honetan epaitu zuten Matalaz eta bertan izan zen bere lepo moztea 1661. urtean. Nesken egünean (larunbatean) Maule-Lextarren bazara, gaztelutik oso ondo ikusiko duzu goizetik pilota plazan egiten den nekazari azoka. Bertan izaten dira salgai larunbatero inguruetako barazkiak, gaztak, Zuberoan argitaratutako disko edo liburuak… Oso giro polita sumatuko duzu bertaratzen bazara. Mendikoa nekazari kooperatiba ere ikusiko duzu non den badakizu. Ipar aldera begiratzen baduzu Sohütako Eperra Ikastola ikusiko duzu. Bigarren Hezkuntza euskaraz ikasteko leku bakarra Zuberoan. Matalaz Karrika bistaratzen baduzu Hebentik Elkartearen egoitza ikusiko duzu ere. San Joan bataiatzailearen eliza ere dotore asko ikusiko duzu.
Uda ate joka dugu eta batek daki bertaratzeko aukerarik izan dezakezun. Hala bada eta gustu baduzu, manexak idatzitako lerroak errepasa ditzakezu Atariako webgunean eta bizpahiru egun eder pasa arrasto hauen aitzakian. Izan ontsa!