XIBERUTIK

Bereterretxeren kanthoria

Erabiltzailearen aurpegia Aitor Atxega 2019ko urr. 6a, 08:58

Urtebete pasa da jada 4 sasuak eman zenetik Larraulen; irailaren 23a izan zen. Urtebetera gogora etorri zait kontzertu haren hasiera: Mixel Etxekoparrek dotore eman zuen Erdi Aroan sortutako Bereterretxeren Kanthoria

Kantu hau XV. mendean egina da eta agian tragediak eta hilketak tiradizo atabiko bat dutelako gizakiongan, ahots-mihiz iraun zuen Zuberoan XIX. mendean J.D.J. Sallaberryk Chants populaires du Pays Basque liburuan lehen aldiz idatzi zuen arte 1870. urtean. Molde honetan eman zuen kantua Mixelek: ahots soilez.

Koplatan emana den kantu hau pertsona askoren muinetan txertatua dago sortzaile askori esker. Mikel Laboak, Benito Lertxundik eta Ganbarak grabatuak dituzte esaterako… Edu Zabala Garagartzak rap zoragarri bat ipinia du elinberri webgunean… Begoña Durrutyk komiki-liburu paregabe bat argitaratu zuen 2017an… Antzerkiak, pastoralak… Zenbat abeslarik eman ote du kanthore hau…

Balada hau Euskal Herrian dugun kantu zaharrenetakoa da zaharrena ez bada, izan ere, 1440-50 urteaz ari gara Jaurgainek dionez. Bitxikeria bezala, nire jakituria urrian hilarri bat duen kantu bakarra da; zut da oraino Ezpeloian. Bi mende luzez jardun zuten borroka gorrian oinaztar eta ganboatarrek; haien kideko nafar agaramontarrek eta beaumontarrek iparraldean. Bi bandoen gatazkaren ondorioz Leringo Kondeak (­Maule-Lixtarreko gazteluaren jabe beaumontarra) Bereterretxe agaramontarra akabatu zuen aitoren seme bati ez zegokion gezur eta traizio bidez.

Istorioa Pazko igande gauean gertatu zen, otoi egunak ziren partetik, ezpata-tregoa garaian. Bereterretxek ohetik zaratak entzun ditu eta neskameari leihotik begiratzeko eskatu dio. Leringo Kondea ikusi du soldadu mordo batekin etxaurrean. Jaun Konde etsaiak jaisteko eskatu dio. Gizalegea espero duenez lasai jaitsi da, armarik gabe. Sumatu duen bezala ordea, ez du hitzik bete eta Maule-Lixtarrera darama gatibu hartuta Ligin barrena. Andozeko Ibarrako Ezpeldoia etxean, haritz bati lotuta, bizia kenduko dio.

Traizioz erail du gaztea eta Andozeko jendeak Maulerantz joko du armak eskuan. Bortizkeria eta desohorea izan delako tarteko, beaumontar mordo bat bildu zaie bidean. Egunsentian, Maule-Lixtarreko Kondearen gaztelura iritsiko dira eta ezpata oihuak hasiko dira bertan. Odolez garbituko dute Bereterretxe gaztearen izen ona.

Badirudi Kondeak ihes egin zuela eta urruneko erregeren bati eskaini ziola bere burua. Kondeak ez zuen lortu Bereterretxe gaztea hiltzea; gure artean da oraindik musika eta bertseta paregabe hauei esker.

Herri tradizioan aski zabaldua da Bereterretxe eta Leringo Kondea, Margaritaz maiteminduta zeudela, eta hori izan bide zela traizioaren iturria. Azken koplako hirugarren puntuak hau dio: «Bereterretxen atorretatik hirur dozen ümen da». Zer esan nahi ote zuen koblariak… Bereterretxeren askazia ez zela galduko? Beraien aldeko asko zituztela agaramontarrek? Margaritaren sabelean hazia jarria zela jada?

Irudi eta soinuz gozatu nahi baduzu istorioa sakatu hemen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!