Almaiz edo mortero batean, espezieak (ezkaia, erramua eta oreganoa) olioarekin jarriko ditugu, baratxuria ere gehituta. Almaizik izan ezean, edalontzi batekin moldatu gaitezke. Zanpatu edo nahastuko ditugu gure osagaiak, nahi bezala, aukeran. Gatza eta pipermina ere gehitzea dugu, momentu honetan.
Prestatu dugun olio hau untxia margotzeko erabiliko dugu. Pintzel baten laguntza erabili dezakegu, untxiari zaporea gehitzeko, labean sartzeko momentuan. Haragi gehiegirik ez daukanez, olioak lagunduko digu haragi hau babesten. Untxia haragi zuria izanik, zaporea gehituko diogu olio honi esker. Jarraian, labea piztuko dugu, 220 graduan, berotzen joan dadin.
Bitartean, hasiko gara gure barazkiak prestatzen. Patata, azenarioa eta boniatoa zuritu eta laukitxoetan moztuko ditugu. Tipula ere xaflatan moztuko dugu, ez juliana fin batean, baizik eta lodiera handiagoan.
Hurrengo pausoan, labeko erretilua atera eta barazkiak bertan kokatuko ditugu. Jarraian, untxia, ondo margotutakoa, erretiluan kokatuko dugu. Labera sartu aurretik, ardo zuri koparen erdia gainetik botako diogu. Ondoren, labean sartu eta 40-50 bat minutuz bertan izango dugu. Gainetik erretzen hasten denean, nahikoa izango da. Denbora erdia pasa denean, untxiari buelta emango diogu eta sobratutako ardo zuria gainetik botako diogu.
Prest dago honenbestez gure platera!
Arroz zuriarekin, hurrengo egunean ere, jateko primerakoa litzateke.
OSAGAIAK
- Untxi bat.
- Bi baratxuri.
- Bi patata.
- Ezkaia edo tomilloa.
- Erramua.
- Oreganoa.
- Olioa.
- Bi tipula.
- Bi azenario.
- Bi boniato edo batata.
- Ardo zuri basokada.
- Gatza.
- Pipermin beltza.