Azken egunetako beroa arintzeko errezeta freskoa prestatuko dugu gaurkoan. Ilar freskoak eskura izango bagenitu, primerakoa litzateke, bestela izoztutakoekin ere balekoa litzateke honako errezeta.
Lehenik eta behin, barazki guztiak zurituko ditugu. Ilar freskoen kasuan, aletuko ditugu aurrena eta ondoren, garbituko ditugu. Eta porrua eta tipularen kasuan, zuritu eta ondoren zatitxoetan moztuko ditugu. Berdin dio zatien tamaina; izan ere, krema testura emango diogunez gure platerari osagaiak irabiagailutik pasako ditugu.
Jarraian, kazola bat hartuko dugu eta hiruzpalau koilarakada olio botako ditugu. Lehendabizi, tipula eta porrua botako ditugu bertan, eta erresogosiko ditugu. Goxo-goxo izango ditugu sutan; sua fuerteegi jarri gabe. Azken batean, ekidin behar duguna da tipula erretzea. Barazki guztiak bigundu arte sutan izango ditugu, beraz. Barazkiak erregosi ahal izateko gatz apurtxo bat botako diegu, honela euren zukua aterako dute eta errazago egingo dira. Ikusten dugunean tipula eta porrua bigun samar daudela, orduan ilarrak gehituko dizkiogu. Ilarrekin batera ur baso handi bat ere gehituko dugu. Salda izanez gero, ura baino egokiagoa izango da, noski. Bor-bor batean bost bat minutuz izango ditugu gure barazkiak, egosten.
Behin barazki guztiak egosita, prest ditugunean, irabiagailutik pasako ditugu. Ondo-ondo pasako ditugu, krema fin-fin-fin bat lortu arte. Krema berde polit bat lortuko dugu honela. Nahi izanez gero, barazki krema hau beroan jan daiteke baina azken egunetako beroari aurre egiteko freskoa hartzea aukera polita izan daiteke.
Orduan, pare bat orduz hozkailuan hozten utziko dugu. Eta ondoren, behin hotza dagoela, jateko aterako dugu. Platerari toke berezi bat eman nahi izanez gero, jogurt natural baten koilarakada bat gehituko diogu, krematsu ukitua emanez.
Eta azkenik, urdaiazpikoa prestatuko dugu. Plater batean sukaldeko papera jarriko dugu eta hor gainean urdaiazpiko bizpahiru xerra jarriko ditugu eta berriro sukaldeko paperarekin tapatuko ditugu. Mikrouhin labean 10 segundoka berotzen joango gara. Deshidratatu egingo da gure urdaiazpikoa. Gure barazki krema zerbitzatzerako orduan, jogurt pittina botatzeaz gain, urdaiazpiko deshidratatu hau gaineratuko diogu eta toke goxoa emango diogu honela.
OSAGAIAK
- Tipula txiki bat.
- Porru bat.
- Ilar kilo erdia.
- Gatza.
- Olioa.
- Jogurt koilarakada bat.
- Hiru xerra urdaiazpiko.