Udako errezeta proposatuko dugu gaurkoan, Andaluzia aldera salto eginez, etxeko sukaldetik atera gabe.
Lehenik, barazki guztiak garbitzen hasiko gara eta ondoren zatikatuko ditugu. Dado forma emanez zatituko ditugu barazkiak. Tomatearen kasuan azala kenduko diogu. Luzokerra eta baratxuriarekin berdina egingo dugu, garbitu eta moztu. Baratxuriari esaterako, erdiko hazia kenduko diogu, indigestio arazorik ez emateko. Piperra eta ogia ere zatitxoetan moztuko ditugu.
Jarraian barazki nahasketa honi oliba olioa gehituko diogu. Ahal dela, oliba olio on bat erabiliko dugu. Ozpina eta ura gehitzen joango gara segidan. Ura hotz baldin badago, askoz hobea izango da, honela prozesua aurreratuko dugu eta.
Ondoren, osagarri guztiak irabiagailutik edo batidora ahaltsu batetik ondo-ondo pasako ditugu. Baso ereduko irabiagailua izanez gero, gogoratu likidoak azpian jartzeaz, nahasketa askoz errazago egingo dugu eta! Bukaeran, gazitu egingo dugu. Pipermina gustuko dutenek, momentu hau baliatu dezakete pipermina gehitzeko.
Jarraian, iragazki batean iragaziko dugu. Horrela fin-fina egotea lortuko dugu.
Azkenik, ordubetez edo pare bat orduz hozkailuan mantenduko dugu; hotz-hotza edatea komeni delako. Gogoratu gomendagarria dela hozkailuan tapatuta mantentzea, gainerako produktuen usaiekin ez kutsatzeko.
Edalontzi batean bota eta edateko moduan izango dugu. Hori bai, era polit batean aurkeztu nahi izatekotan, gainetik urdaiazpiko apurtxo bat bota ahal diogu edo arrautza egosi apurtxo bat. Begetarianoa egin nahi izanez gero, erabili ditugun osagai guztiak, txiki-txiki eginda gainetik bota ahal dizkiogu. Azken kasu hauetan, koilararekin jateko moduko platera prest izango genuke.