Gaurko errezeta txinatar jatorrikoa da. Errezetak bi atal izango ditu: haragia eta salda.
Azpizuna hartu eta hiru zatitan moztuko dugu. Eta ondoren tiratxoetan moztuko dugu, hau da, behatz baten neurriko zatitxoetan moztuko dugu. Lehenik, haragia marinatzen hasiko gara. Hau da, denbora batean haragiari beste zapore bat hartzen utziko diogu. Hau da, haragia ontzen utziko dugu. Horretarako prest dugun ardo zuriaren kopatxoa erabiliko dugu. Gatza eta pipermin beltza gehituko dizkiogu gure ardoari. Bol batean utziko dugu haragiak zuku hau zurrupatu dezan, 15 bat minutuz.
Bitartean, arrautza-irina prestatuko dugu. Horretarako, maizena erabiliko dugu. Maizena 4-5 koilarakada eta arrautza bat nahastuko ditugu. Orea fin bat lortuko dugu honenbestez. Lortu dugun masa horretatik pasako dugu haragia. Marinatutako haragia beraz, maizena nahasketan sartuko dugu eta gainetik pelikula hori duela frijitu egingo dugu. Gaurko trukoa honakoa da: birritan frijitzea. Horretarako, zartaginean nahikoa olio bota eta olioa bero dagonean haragia bertan botako dugu. Gutxika frijitzea gomendatzen dizuet, masa bat bihurtu ez dadin. Lehen aldian, su baxuan frijituko dugu, haragia ondo egiteko eta behin haragia hozten denean bigarren frijitu bat emango diogu. Oraingo honetan, olioa fuertexeago jarriko dugu eta kanpotik doratu kolore polit hori lortuko dugu. Honela barrukoa ondo eginda egongo da eta kanpotik kurruskaria geratuko zaigu.
Saltsa preparatzen hasiko gara, jarraian. Erabiliko ditugun osagaiak ketchupa, azukrea eta ozpin zuria dira. Elementu hauek guztiak nahastuko ditugu eta jarraian lortutako saltsa loditu egingo dugu. Horretarako, zartagin batean olio apurtxo bat botako dugu eta baratxuria zuritu eta zati txiki-txikitan moztuko dugu. Baratxuria su-eztituko dugu eta kolore doratu polita hartzen duenean, aurretik prestatutako saltsa gehituko diogu. Su baxuan izango dugu, loditu arte, 15 bat minutuz. Mugitzen joan beharko gara, erantsi ez dadin. Behin testura egokia duenean saltsari haragia gehituko diogu, bertan haragia berotu eta jateko prest egongo litzateke. Behin platerean zerbitzatzerakoan sesamo haziak bota ahal dizkiogu gainetik.
OSAGAIAK
- Txerri azpizuna.
- Maizena (4-5 koilarakada).
- Arrautza (1).
- Gatza.
- Pipermin beltza.
- Ardo zuria (kopatxo 1).
- Ketchup (6 koilarakada).
- Azukrea (3 koilarakada).
- Ozpin zuria (2 koilarakada).
- Baratxuria.