Garaiko barazki bat hartu, azokan aurkitu daitekeena, eta zerbait azkarra, erraza eta ikusteko polita eta jateko goxoa egingo dugu: porru pasteltxoak.
Tamainari erreparatuta, madalena tamainakoak izango dira, baina kasu honetan jaki gazia prestatuko dugu.
Lehenik eta behin, porruak garbitu eta zatituko ditugu (zentimetro erdiko tamainan). Zartagina olio apurtxo batekin berotzen jarri eta bertan goxatuko dugu porrua (15 bat minutu beharrezkoak izango dira). Ikusten badugu erretzen hasten zaizkigula berriro olioa bota beharrean, koilarakada bat ur gehitu ahal diogu, olio gehiegi erabili gabe biguntzen joateko.
Porruak egiten diren bitartean, ontzi batean hiru arrautzak irabiatuko ditugu. Gatza ere gehituko diegu. Jarraian, esne-gaina gehituko diogu. Esne-gaina ez da harrotu behar, baina nahastu bai egin behar dela.
Madalenak egiteko ontziak baldin baditugu, horiek dira erabiliko ditugunak. Horretarako enpanadila moduko oleak erabiliko ditugu. Ontzietan kokatuko ditugu olea hauek eta jogurt pote baten laguntzarekin hutsunea sortuko dugu. Sortzen dugun hutsune horretan, forma horretan beraz, gure nahasketa sartuko dugu. Nahasketa era orekatuan botako dugu gure oreetan, guztiek arrautza, porrua... kopuru antzekoetan izan dezaten.
Nahasketa oreetan prest dugula, labera sartu aurretik, nahi izanez gero, gainetik, gazta birrindu apurtxo bat bota ahal diegu.
Behin labera sartu eta 15-20 minuturen buruan prest izango dugu gure platera. Labetik ateratzen dugunean, kanpotik, hazita egongo dira gure pasteltxoak eta era berean, barrutik, mamituta. Eginda dagoela baieztatzeko, bizkotxo bat prestatzen dugunean bezala, orratz bat sartu eta lehorra ateraz gero eginda dagoen seinale.
Gaurkoan gure proposamenean porruari heldu diogu, baina errezeta berdina garaiko beste edozein barazkirekin egin daiteke: brokolia, romaneskua, azenarioa...
OSAGAIAK
4 porru.
200 ml. esne-gain.
3 arrautza.
8 enpanadila ore.
Olioa.
Gatza.
Gazta birrindua.