Txanpiñoiak eta oilaskoa marinatuta

Erabiltzailearen aurpegia Aintzane Artola 2019ko abe. 12a, 12:00

Plater nagusi bezala, eta beste zerbaitekin batera dastatzeko proposamena ekarri du, gaur, Aintzane Artolak, Errezeten txokora; osagai sinpleak, zapore nahasketa indartsuarekin.

Jakiak marinatzeak, zaporeak jakien bihotzeraino sartzea dakar, eta horixe da, hain justu, errezeta honen sekretua. Barrengorriak eta oilasko zatiak laranja zukutan, eztitan, baratxuritan, perexiletan, piperminetan nahiz beste zenbait espeziatan marinatzeko proposamena egin du Aintzane Artolak, hori guztia gero zartaginean prestatzeko.

 

 

Maridatzea:  produktua gatz edo likido batean denbora batez izatea, produktua xurgatzen joango da eta sukaldatzeko orduan zapore horiek guztiak askatuko ditu, sakonago sartuz.

Zapore festa

Etxe askotan ez gara espezieak asko erabiltzekoak baina gutxika-gutxika probatzen hasi eta fanak bihurtzen gara. Gaurko errezeta hari horri tiraka dator.  

Maridatzeko ontzi handi bat erabiliko dugu; osagai guztiak bertan sartuko baititugu.

Lehenik laranjari zukua aterako diogu eta zukuari gehitzen joango gara beste osagaiak: soja saltsa eta eztia. Ondo nahastuko ditugu osagaiak. Ondoren oilaskoa sartuko dugu, takotxoetan moztuta eta baita txanpiñoiak ere, hiru-lau zatitan moztuta. Gainetik baratxuria txiki-txiki eginda botako diogu eta perrexila, tomiloa eta pipermina. Dena ondo nahastuko dugu, eskuekin masajetxoa emanez. Bi orduz utziko dugu maridaje lanean. Hozkailuan baino, epelean uztea hobea da.

Behin ederki maridatuta dagoenean, zartagin batean olioa botako dugu eta frijituko dugu. Lehenik txanpiñoiak egingo ditugu; likido gehiegi ez izateko, bitsadera batekin hartu, zartaginean bota eta gorritzen hasten denean oilaskoa botako dugu. Hau da, txanpiñoiak hamar minutuz gehiago utziko ditugu. 

Plater bakarra

Plater bakarra bezala jateko arroz integrala ere gehitu ahal diogu edota tortita edo taloen barruan sartuta.

Osagaiak 

• 250 gr. txanpiñoi.

• 2 oilasko bular.

• Laranja  bat. 

• Soja saltsa koilarakada bat.

• Ezti koilarakada bat.

• Perrexila.

• Baratxuri hortza.

• Pipermin beltza.

• Tomiloa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!