Otarrainxka bolatxoak

Erabiltzailearen aurpegia Aintzane Artola 2019ko aza. 29a, 13:00

Otorduen aurretik, sarrerako plater gisa proposatu du platera, Aintzane Artolak; errezetarekin batera, zenbait trikimailu ere eman ditu.

Otarrainxkekin prestatu ditu bolatxoak, baina txangurruarekin edo patatarekin ere presta liteke antzeko zerbait. Gabonetarako ideia politak utzi ditu, gaur, errezeten txokoak.

 

OSAGAIAK

· 200 gr. otarrainxka.

· 2 tipula.

· Azukre apurtxo bat.

· 4 arrautz gorringo.

· Olioa.

· Gatza.

· Araneko pipar hautsa.

 

PRESTAKETA

Lehenik tipula konfitatuko dugu. Horretarako tipula juliana erara moztuko dugu. Konfitatzeko 30-45 bat minutu beharko ditugu zartaginean, su baxu-baxuan. Nik denbora aurrezteko, ondorengoa egiten dut: mikro-uhin laberako aproposa den ontzi batean sartu, juliana erara moztuta eta gatz apurtxo bat botata, oliorik gabe. 6-7 minutu mikro-uhin labean edukita, tipula erdi egosita izatea lortuko dugu. Behin egosita dugunean, zartaginetik pasa eta su baxuan 10 bat minutuz izango dugu. Behin tipula biguna dugunean, azukre apurtxo bat bota ahal diogu, konfitura puntu hori lortzeko. Tipula gozoa erabiliz gero, ez dugu azukreren beharrik izango.

Otarrainxken unea

Tipula beratzen zaigun bitartean, otarrainxkak prestatu ahal ditugu.Txotx bat hartu eta hestea kenduko diegu.

Jarraian otarrainxkak txiki-txiki moztuko ditugu.

Beste alde batetik, lau gorringoak banatuko ditugu eta irabiatuko ditugu, otarrainxkak bertan sartu, gatz pixka bat botako diogu eta lehendik erreserbatu dugun tipula koilarakada bat edo bi ere gehituko dizkiogu. Hori guztia bol batean ondo nahastuko dugu eta masa prest izango genuke.

Filma prest dugula, olioztatuko dugu, baso batean sartu eta alderantzizko mendi forma emango diogu. Bertan gure nahasketa sartu eta korapilo bat egingo diogu. Urez betetako lapiko batean egosiko ditugu bolatxo hauek, lau minutuz. Horrela lortuko dugu arrautza kanpotik ondo eginda egotea eta barrukoak puntu biguna izatea.

Plastikoa kentzea erraza da, olioa jartzeak laguntzen du lan horretan. Apaintzeko orduan, pipar hautsa erabiliko genuke.

Gabonen atari honetan, otarrainxkak erabili beharrean txangurroa ere kozinatu daiteke.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!