Miretsi egiten ditut beren sorkuntzak; behar adina dastatzen ez diren altxorrak iruditzen zaizkit, baina gehiago miresten dut bertara iristeko egin behar izan duten sormen-prozesua. Morbosoa iruditzen zait, iluna, norbere etxe-zuloan (eta etxekoenean) gertatzen den trapu-zikinen gisakoa.
Hartu, adibidez, lehenengo liburua aurkeztu duen poeta gazte bat (oraindik izen hori jasotzeko luxurik ez duena). Ordura arte zaletasuna ez du logelako flexopetik harago eraman, baina lehen argitalpena suertatu denetik, ai ene, asaldatu egin zaizkio gertukoak. Egunkarirako elkarrizketa proposatu ziotenean, eta ezezkoa aukera bat ez zenez, segituan topatu zuen bere burua kameren aurrean posatzen. Gaitz erdi, itxura txukunez «harrapatu» zutela. Joana zen ileapaindegira, egina zuen manikura, tentuz hautatua zuen jantziko zuen arropa, «interesante» planta emateko behintzat, eta gorriz margotuak zituen ezpainak. Informal baina dotore, itxura horixe eman nahi izan du liburu inprimatu berria bi eskuez eusten duen bitartean.
Ingurukoei «ederra» irudituko zaie espero ez zuten horrek poesia idaztea bere denbora librean. Eta argazkian ere eder agertzen dela esango diote, nola ez: pertsona zentzuduna baina alaia, horrelakoxea izatea eskatzen dio munduak. Baina nik, ez galdetu zergatik, kasik gehiago imajinatzen dut pertsona hori pijaman, ordenagailu parean begiak erretzear, kafe huts bat, bi, hiru, zurrupatuz. Kaskoan moño zarpail bat eginda, begi-zuloei axolagabe. Lagunei esaten gaurkoan ere ez dela pintxo-potera aterako, baduela beste zereginik, eta ez dagoela sekula jakiterik zenbat denbora emango dion bilatzen duena aurkitzeak. Eta zer bilatzen duen galdetzen diotenean, berak ere ez dakiela esaten. Hortxe imajinatzen dut gure laguna orduetan zehar bila eta bila: horoskopoan, eguraldi-iragarpenetan, turismo-gidetan, komun-zuloan. Bere burua ere aspertzeraino idazten.
Behin liburua kalean, kontentu egongo da, liburuak beharbada kendu diona adina eman diola pentsatuta. Baina imajinatzea daukat beti etorriko zaiola adiskiderik esanez berari literatura gustatzen zaiola, galdetzea ere! Baina horretarako ulergarria izan behar duela.
Listua irentsi eta lotara joaten imajinatzen dut, galdutako lo-orduak errekuperatzera. Halaxe imajinatzen dut.