Kale Kantoitik

Gazte gara gazte

Erabiltzailearen aurpegia Ainhoa Mendiluze 2019ko api. 11a, 08:59

Udaberria ume denborako inozentzia eta ignorantzia omen da, gauzak lehen aldiz egitearen txinparta, lo-kuluxka bat kotoizko maindireetan.

Baina berehala heltzen da uda: heldu gaztea edo gazte heldua zarenekoa, energiaz eta izerdiz blaitutako garaia, bizitza bete-betea. Uda sargoriari bizitzaren udazkena gailentzen zaion arte…
Baina, bizitza sekula baino aktiboago bizi behar duzula esaten dizuten sasoian (gaztaroan, uda partean), izerdiaren eraginez maindireak azalari itsatsita zaudela, hara non agertzen zaizun eltxo zikin bat bzz bzz zuri loa eteten, kosk eta kosk azalean zirika, eskuak elkarren kontra igurzten, «ez zara libratuko» esanez bezala. Gaztetasunak ere baditu bere ajeak.
Orain arte ikasketen maindiretan babestu naiz, artean betebehar nagusi (eta ia bakarra) ikastea nuela. Orain datoz komeriak, ikasketa (formalak) amaituta, zapaldu beharreko bidea markatuta ez dagoenean. Uda hasieran nago. Hanken dardarizoa disimulatzen saiatzen naiz. Baina, berez, kosk-kosk deseroso bat nabaritzen dut gorputz guztian: oinazpian, sabelean, sudur puntan. Kuriositatea, geldi egon ezina, gogoa. Egindako pauso bakoitzeko bi atzera ez ote ditudan eman. Ametsak eta proiektuak. Azkura sotil bat gorputz osoan.
Gaztetasunaren definizio hegemonikoa, ordea, (parranda-carpe diem gazte prototipikoarena) zurrunegia zait derrigor. Horrela, badirudi gaztaroa trantsizio garaia dela, gero etorriko den bizitzaren itxaron-gela. Ikasteko garaia, biltegia prestatzea gerra datorrenerako. «Geroko bizitza» hori iluna omen, orduan, ahal dela aprobetxatu, zer gerta ere. Ez pentsatu; hil eta gero, salda bero. Pertsona oso ez garen neurrian, lan-indar merkea gara; esperientzia gutxi dugun neurrian, gaitzesteko moduko iritziak ditugu, baina don’t worry be happy! Helduko diegu garagardoei liburuei baino estuago, eta egingo diogu irribarre bizitzari. Gero «gazteak dira etorkizuna» eta korbatadun erretolika hori guztia…
Gaztetasuna gainbaloratuta dago, mito bat da, eraikia. Ez da beste bizitzako aroak baino hobea, beste bat besterik ez da. Ze, eltxoak ez badira, izango dira alergiak udaberrian eta ospelak neguan. Koska ari bazaizkigu, bizirik gauden seinale, eta ez da gutxi!



Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!