Hiztuna eta saltsera samarra izan naiz beti, eta, kostatu zitzaidan, beste ume askori baino gehiago kosta ere, informazioa sailkatzen ikastea: zer zen, gauza jakina zelako edo garrantzi gutxikoa, beldurrik gabe zabal nezakeena, edo zer zen, trapu zikinen kaxan, tiradera baten barren-barrenean gorde beharrekoa. Halako batean, ulertu nuen bigarren multzo horretan zeudela etxeko lau pareten artean gertatutakoak, eta, batez ere, helduei zegozkienak, ez bereziki garrantzitsuak zirelako, «inori inporta ez zitzaizkiolako» baizik.
Urteek aurrera egin ahala, gero eta zailagoa iruditzen zait erabakitzea informazioa nola kanalizatu, sentitzen baitut informazioa pentsatzetik kanporatzerako bide horretan biderkatu egin zaizkidala iragazkiak, bai lagunartean, gehiago maila akademikoan, eta, zeresanik ez, euskarri honen moduko plaza (derrigor publiko) batean. Gizarte osoan ere, politikoki zuzena denaren kateak nabarmen hertsatu dira. Gauzak horrela, milimetroz milimetro neurtzen dut esan nahi dudan hori, kontua ez baita harria botatzea: harriak uretara erortzean sortuko dituen zipriztinen dimentsioa ere kalkulatu behar izaten da.
Artikuluetan, politikoki zuzena izan nahi (behar?) dut, zuzenkeriaren azken muturreraino joan gabe; zerbait komunikatzeaz gain, esan egin nahi dut, baina sakonegi iritsi gabe, ez dadila nire ezagutza falta nabarmen gelditu; txukun idatzi nahi dut, baina hitz apainen dosia neurtuta, esango dute, bestela, harropuzkerian nabilela; norberaren bizipenek, morboagatik akaso, erakarri egiten dituzte irakurleak, baina gero zer egin biluztearen albo-kalteekin… Eta, tira, hor goiko argazki horrek neure hitzak beste pittin bat estutzera narama, zer demontre!
Izan presio sozialak, izan nire gaztetasunak, izan neronek sortutako zeinahi mamuk, zergatik ukatu, autozentsurara naramate. Igual, umetan ikasi moduan, nire obserbazioak (bereziki nire-nireak) «inori inporta ez zaizkiolako» trauma darabilt buruan. Igual ez zait sekula guztiz gustatuko nik idatzitakoa. Baina adinak eta eskarmentuak ziurtasuna emango didatela pentsatuta, lasaiago gelditzen naiz.