Kale Kantoitik

Bertso-poza

Erabiltzailearen aurpegia Ainhoa Mendiluze 2019ko urt. 31a, 16:40

Begietara atsegin ematen diguna zaigu erakargarri, ez digu senak agintzen; begiratu bestela ikus-entzunezkoen eta literaturaren edo erakusketen kontsumoaren arteko aldeari.

Horregatik, ulertezina zait bertsolaritzak nola har dezakeen hain sakon arnas, zer eta, gurea bezalako kultura txiki batean eta aro digital bete-betean sartuta gauden honetan.
Bertsolaritza diziplina bera ez dator bat kultura-fenomeno estandarrekin, izan zineman, izan musikan, izan antzerkian, xumetik gutxi eta patrikak hustetik asko duten saioetara ohitu baikara. Gero eta baliabide material gehiago dugu eskura, teknologia etenik gabe doa aurrera eta gu haren atzetik, eta gero eta estuagoa da kontsumitzaileak bilatzeko lehia. Baina gauzak zer diren, logika orok ditu salbuespenak. Foku, pantaila, puntako bozgorailu, efektu espezial eta beste hainbeste artifiziok osatutako parafernaliaren nahas-mahas horretan, hortxe dago bertsolaritza, buru eta ahots.
Bertsolaritzak badu lilura berezi bat, aurreikusi ezin denaren zirrara. Saio bakoitza da “edizio mugatukoa”, errepikaezina, eta beti izango du xede publikoa asebetetzea. Bertsoari neurria ematen diona bertsolaria bera da, eta publikoa; inondik ere ez txapelketaren epaileak, bertsoa, ezer izatekotan, hitzaren jolasa baita, ez jokoa. Bitartean, entzuleak erne-erne, kolpea nondik entzungo. Ez da meritu makala, ez, jendearen arretari eustea. Gainera, begi-kolpe batean hain ikusgarria ez izateak badu alde onik ere: mugikorrekin jo eta su aritzeko aitzakiarik ez.
Hala ere, txundigarriena espazioak leherrarazteko duen ahalmena iruditzen zait. Entzuleok emozio bila joaten gara bertsotara, zerbait bizitzeko gogoz, bertsoaren magia noiz agertuko. Berotasuna bilatzen dugu, saio batek ez gaitzala hotz utzi. Eta, goranzko joera horretan, gutxien espero denean, eztanda. Duela bi aste Leidorren sentitu genuena. Mundua gelditu zen bertsoen bueltan. Eta gero berriro hasi zen biraka.
Batzuek oraindik gogoan dugu bertan sentitutako bizipoza. Kamerek ere ezin dute hauteman. Horra hor bertsoaren magia.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!