Gero sinetsi lagunari, fakturak ez diren ezer ‘seriorik’ irakurtzen ez duenari, baietz, Eguberrietan bonboiak bezala, bata bestearen atzetik eta tartean arnasarik hartu gabe irakurriko dituela sei (!) liburuak, eta hala egin duela esaten duenean, plaka bat jarriko diogula meritua aitortzeko, aurresku eta guzti. Liburu bakarra baina taxuz irakurriko balu sikiera…
“Behin asteburua iritsi eta, ezingo gaitun etxean gelditu, ba!” entzun diozu beste bati. Esna pasatzen duten instant bakoitza planez betetzen tematzen denetako bat da. Horrelakoek eman zioten asteburuari sakratu kategoria. Harri eta zur uzten gaituzte haien tetris jokaldiek. Ondoren, astelehena iristean, pozarren egon ohi dira, ustez asmatu dutelako, noski, libre izandako segundo bakoitza zukutzen. Sinetsita daude hala izan behar duela. Ze, gauza jakina da planik ez egitea denbora galtzea dela, eta, denbora galtzea, bekatu mortala.
“Gorde, gorde, badaezpada”. Zenbat aldiz entzun ote dugun hori, aurreko belaunaldien ahotan, nork eta guk, erabili eta botatzeko kulturan jaiotakook. Oroitzapenak pilatzen ditugu apaletan, souvenirrak, noizbait konponduko ditugun (gezurra!) gailu hondatuak eta beste. Modak beti bueltatzen direlakoan berriz janztea espero dugun arropa, armairuetan. Gorde, gorde, ez du eta kalterik egiten. Eta eskualde honetan, etxea husteko aitzakia gutxi: edozerk balio du inauterietako osagarri gisa.
“Zenbat eta gehiago, hobeto”, kausa-ondorio harreman horrek bizi gaitu. Kuantitatiboan bizi gara, ez kualitatiboan; “asko maite zaitut” diogu, “oso maite zaitut” beharrean, kopuruan asko izateak balioa erantsiko balio bezala. Objektuen, bizipenen, emozioen, pertsonen kontsumora ohitu gara. Baina gero, atsedenarekin, pazientziarekin eta ezer gutxirekin konformatzearekin egiten dugu amets. Gu ulertuko gaituenik…