Kale Kantoitik

Egunkaria

Erabiltzailearen aurpegia Ainhoa Mendiluze 2018ko aza. 14a, 20:00

Karrerako azken urtea izanik, jakitun ginela ikasle bizitza biltzen duen mintz-plasmatikoak une batetik bestera plop egin eta lurreko bizitzara jaurtiko gintuztela salto batean, hanka-punta burbuilatik kanpora ateratzea erabaki genuen ikasturte hasieran. Antza, jabetuko ginen badela bizitzarik ikasle bizitzatik kanpora ere, eta heldu-arduratsu-kritiko-jakitun plantak egitekotan, jakin beharra genuela gure inguruaz. Erabakia egunkari bateko harpidetza izan zen. 

Egunero egunkaria etxean jasotzearen ideia ona izan da, inondik ere, bestela ez baikenuen egunkaririk irakurriko; badakigu noraino hel daitekeen gure nagikeria, ikusi besterik ez dago zein erraz ohitu garen ogirik gabe bazkaltzera edo sukaldeko izkina zakar-poltsaz beteta ikustera, adibidez. Orain, gutxi-asko, badakigu zer gertatzen den gure inguruan, zer munduan. Lau pisukideok ematen diogu gainbegiratua egunkariari; irakurri, ordea, nork berari gehien interesatzen zaiona irakurtzen du hasi eta buka, eta beheko suaren faltan, mahaiaren bueltan gaudela konpartitzen ditugu askotan irakurritakoak eta haien inguruko gogoetak. Hartu-eman informatibo goxoa da, eta albistegiak baino askoz intimoagoa.
Garai batean, familia osoa batuko zen iluntzero, baserriko sukaldeko goxotasunean, ipuin, kopla, zein errezoetarako, funtsean, gertatzen zenaren berri izateko, artazuriketarako edo aprobetxatuz; denboraren joanak, ordea, eraman egin du afalosteak hitzez gozatzeko ohitura. Egun, nahiko komeria izaten dugu afaltzen etxekide guztiok elkartzeko ere. Sukaldeko goxotasunaren kontzeptua erromantiko bihurtu da, nostalgikoa, metaforetan izoztua.
Beharbada, gure ondorengoek erromantizismo berberaz hitz egingo dute gure belaunaldiez, esanez “pantailen freskotasun eta isiltasunaz” goxatzen ditugula iluntzeak, auskalo. Beharbada, ordurako iluntzea eguzkia sartzen den eguneko unea baino ez da izango, hotza sentitzen hasteko unea, beraz, ez beste ezer; astirik ez ezer konpartitzeko, eginbeharrez lepo. Akaso nostalgiaz kontatuko dute behinola, garai digital bete-betean egonda ere, ikasle-pisu batean egunkari labetik atera berria jasotzen zutela, eta kontu-kontari aritzen zirela honetaz eta hartaz, egunkariaren aitzakian, konpartitzearen gar horri eusten.
Beharbada arrunkeria galanta irudituko zaie hori guztia, edo vintage moda erakargarria…

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!