Pasahitza (zaharra)

Anestesiatuta

Erabiltzailearen aurpegia Ainhoa Mendiluze 2018ko urriaren 17a

Umetako bizipenak ondo gogoratzen ez baditut ere, irudika dezaket, adibidez, euskaraz hezi gaituztenak sehaskan bertan hasi ginela entzuten euskara maitatu behar genuela. Beharbada lo hartu orduko gurasoek kasete batean “euskara maitatu behar duzu” entzunarazten ziguten, mantra baten gisara.

Ondoren, akaso, barazki-purea ahora ekartzen ziguten bitartean, “guk euskaraz, zuk zergatik ez” abesten zigutelarik, mezu hori bera zintzurreraino koilaraz sartzen saiatuko ziren.

Zertxobait koskortu ginenean, ikastetxean, euskararen egoeraz hitz egiten ziguten, anai-arreba nagusiek oinordetzan utzitako arropa bezain handi gelditzen zitzaizkigun hitzak jarriz gure ahotan, “demokrazia” kasu, “Euskal Herrian euskaraz hitz egiterik ez bada, bota dezagun demokrazia zerri askara” abesten genuela, artean esaldiko hitzik inportanteena “zerri” iruditzen zitzaigula. Euskararekin maitasun erromantikoa behar genuela helarazten ziguten, eta, beraz, fideltasuna zela zor genion gutxienekoa. Baina ondoren, irakaslea topatuko genuen klase orduetatik kanpo, eta ez prexixamente euskaraz hizketan.

Urteak aurrera joan eta kontzientzia pixka bat lortu ahala, euskararen aldeko leloak ohiko dekoraziotzat hartu genituen, testu-liburuetan eta txosnetako edalontzietan; euskararen aldeko jarrera zen politikoki zuzena, eta gaztelaniaz barra-barra aritu arren, batzuek salbamendutzat zuten “euskaraz bizi nahi dut” kamiseta eramatea eta umeekin eta txakurrarekin euskaraz aritzea.  

Euskarazko hedabideak kontsumitzeko hautua egin dugunok, bereziki, (esan dezadan, bide batez, gutxiengoa izan garela) euskararen aldeko mezuen matraka kontsumitzen jarraitzen dugu: euskararen ahalmena edo euskaldunon konplexuak direla, jakintzak gora baina erabilerak behera egin duela, edo erdarek kutsatutako euskara darabilgula… Gainetik kendu ezinda gabiltzan mandeulia da, ez duena zertan “zama” izan, aukera askotarako atea baizik, baina badirudi, tamalez, kezka hori zarra-zarra entzuteak anestesiatu egin gaituela.

Azkenean, normalizazio eza normalizatzera iritsi gara.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!