Aldarri linguistikoa izan daiteke lehen hitza beti-beti euskaraz egitea, edo batuaren eta euskalkien arteko sesio (amaigabean) bataren zein bestearen alde agertzea. Aldarri linguistikoa da hitz egin behar denean isilik gelditzea, eta alderantziz, edo hiztegietako hitzen definizio berriak arakatzea gure jendartearen mesedetan.
Genero-aldarria izan daiteke besapeetako ileak luzatzen uztea, eta momentu jakinetan (eta besteetan ez) besoak altxatzea. Frida Kahloren moduko betartea edukitzea, ezezko garbi bat, edo emakumeen futbola ikustera joatea, jokalarien artean ezagunik ez bada ere. Lagunari besteen gaineko gehiegikeriarik ez ametitzea. Edo mutiko txikia arrosaz janztea.
Aldarri politikoa izan daiteke etxeko lau hormen arteko gudu-zelaian izaten den eztabaida bat. Angela Davisen erretratu bat paretan. Sari bat jasotzeari ezezkoa ematea, edo bandera bat (eta ez beste bat) haizatzea. Zer eta nola ospatzen den, hori ere aldarri mota bat izan daiteke.
Kontsumo aldarria izan daiteke plazako nekazariei erostea, Coca Cola edateari uko egitea, edo begano bihurtzea. Zaratik pasatzen zaren bakoitzean hortzak estutu eta tentazioari eustea. Tokiko hedabideak diruz laguntzea.
Aldarri teknologikoa da, beharbada, Whatsappik ez izatea, horrek erakusten baitu inkomunikazioaren eta desinformazioaren munduan bizitzeko adina ausardia bildu izana. Edo afalondoan telebistarik ez piztea.
Aldarri bat luze-luzea izan daiteke, entziklopedia mardul baten gisakoa, edo Goenkaleren kapitulu guztiak elkarren segidan jarriz gero izango lukeen iraupenekoa.
Edo laburra, tweet bat.
Horrela jarrai dezakegu hemengo eta hango, halako eta holako aldarriez hizketan, edo nork bere aldarria egiteko modurik aproposenaren bila, harik eta, inork hatz erakusleaz seinalatuz, gure ekintzen koherentzia (eza) agerian jartzen duen arte. Esango baitigu, beste gauza askoren artean, hedabide txiki bat iraunarazteko, ez dela nahikoa urtean behin antolatzen duen bertso-saiora joatea. Eta jarraituko baitu esaten, ez duela balio egunkaria online (eta dohainik) irakurtzeak, hura erostea dagokigula… eta beheko ezpainari hozka txiki bat eginda, ez dugu entzuten jarraitu nahiko.
Baina gogoratu, telazko poltsa beixetan saltzen dituzte Frida Kahloak Zaran.