Tolosako Sanjoanak 2018

Kuadrilla eguna

Erabiltzailearen aurpegia Ainhoa Mendiluze 2018ko eka. 18a, 11:46

Sentsazioa dut urte osoan zehar nor bere kuadrillari lotzen duen hari ikusezin bati lotuta bizi garela gazteok. Aldiz, beren burua kuadrillarik gabekotzat dutenak ez dira ‘inor’. Eta kuadrilla egunean ere, era ikusgarriagoan, nork bere kuadrillaren labela darama kopetan.

Ostegun Gizenaren ondoren, bera izango da seguruenik Tolosako gazte askorentzat urteko egunik kuttunena. Lagunarteko bazkaria, dantzaldi sutsuak erromerian, perkusioaren erritmoaz pun-pan-pun kalerik kale dena emanda ibiltze hori, eta gorputzak leher egin arte hortik aurrerakoak ematen duena. Urtero-urtero gauza bera egitearen xarma du. Eta, hori gutxi balitz, azken urteetan gaia eta guzti izaten duenez, inauterien nostalgikoenek mozorrotzeko aukera ere izaten dute.

Dakizuenez, egun honetan, kuadrilla bakoitzak beste kuadrillekiko bereizten duen kamiseta darama soinean, haren identifikazio-ikurtzat edo. Beharbada, kuadrilla bat = kamiseta bat, berdinketa hori da erabat konbentzitzen ez nauena, hain zuzen, nirea definitu beharreko atakan jartzen nauelako. Nork osatzen du nire kuadrilla, pintxo-potera nirekin joan ohi den lagun taldeak? Igandeetan mendira nirekin datozen lagunek? Zinerako, bertsotarako, nahiz beste edozein kultur ekitalditarako elkartzen garen adiskideok? Ikaskide izandakoek? Nirekin denbora gehien pasatzen duten baina senideak ez diren pertsonek? Besteak baino ‘lagunago’ direnek?

Sentsazioa dut urte osoan zehar nor bere kuadrillari lotzen duen hari ikusezin bati lotuta bizi garela gazteok. Aldiz, beren burua kuadrillarik gabekotzat dutenak ez dira ‘inor’. Eta kuadrilla egunean ere, era ikusgarriagoan, nork bere kuadrillaren labela darama kopetan (disidenteek kolore baten edo bestearen alde egin ohi dute). Hain justu herriko festetan, betiko lagunak ez ditugun horiekin ere harremanetan jartzeko garaia izan beharko lukeen garai horretan, beharrezkoa al dugu bereizketa hori? Are, batek baino gehiagok urte osoa jende jakinarekin igarotzen du, baina kolore desberdinez janzten dira egun handia iristean. Zer da bada, kuadrilla definitzen duen faktore magiko hori?

Nire buruari behin baino gehiagotan esan diot hobe genukeela kuadrilla egun baten ordez, beste herri askotan bezala, gazte egun bat egitea, eta kito. Bereizketarik gabekoa, nor bere ditxosozko kuadrillaren itzalik gabekoa. Aldi berean, ordea, paradoxa moduan, herriko gazteak egun horretan ikusten ditut beharbada bateratuen, melodia beraren konpasetan dantzan…

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!