Kale Kantoitik

Hitz aspertuan

Erabiltzailearen aurpegia Ainhoa Mendiluze 2018ko maiatzaren 22a

Entzuna diot idazleren bati, nobela bateko elkarrizketak idaztean, elkarrizketok hain ‘plastikozko’ itxura izan ez dezaten, komeni dela itxura batean istorioari eragiten ez dion informazioa gehitzea. Elkarrizketa hutsalak-edo.

Nobelagileei, maiz, ahaztu egiten omen zaie eguneroko bizitzan ‘besterik gabeko’ elkarrizketak izaten ditugula, egonean dauden elkarrizketa horiek, ikuspegi praktikotik behintzat inora ez doazenak, alegia.

Horiek idazteak, beraz, errealistago bihurtuko luke nobela bera. Niri eguraldiari buruzko elkarrizketa hutsal-edo hori etorri zait burura: ‘eguraldi ona dugu, gero!’ ‘bai, eder askoak daude larreak berde-berde’ ‘dotore ikusten dira mendi aldeko herriak’ ‘zoragarri gaude hemen, ba!’ ‘ea irauten duen’ modukoak. Esaldi batetik bestera, batez beste, bost segundo igaroko ziren. Pentsa, gainera, arratsalde osoko elkarrizketak tankera horretakoak direla. Ez al luke luzetxo joko? Batez ere, kontuan izanda, aurreko elkarrizketako mezua ‘eguraldi ederra egiten duela’ dela, eta kito.

Zer pentsa eman dit elkarrizketa hori adin batetik aurrerakoen ahotan irudikatu dudala konturatzeak. Hortxe imajinatzen ditut, terraza batean eserita deskafeinatuari edulkoratzailea botatzen. Gazte gehienak, ostera, pazientzia gutxikoen zakuan kokatu ditut: hitz klabeekin hitz egiten, mezu labur eta zehatzetan, hitz-asperturako denbora gutxi baitugu, eta kosta egiten baitzaigu, gero eta gehiago gainera, hitzaren plazer hutsez aritzea hizketan, ezer berezirik esan gabe. Eta horrek mihia kamusteko arriskua du.

Horretatik guztitik, bi ondorio atera ditzaket: lehena, etorkizuneko idazleek teknika aldatu beharko dutela, baldin eta momentuko errealitatea islatu nahi badute; bigarrena, badugula aurreko belaunaldiengandik zer ikasia.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!