Kale Kantoitik

Ahalguztiduna

Erabiltzailearen aurpegia Ainhoa Mendiluze 2018ko api. 24a, 20:43

Euskaraz egiten den orok, euskaraz izateagatik bakarrik balio duela pentsatu ohi da. Egiten dugun hori euskaraz egiten dugulako bakarrik, irabazia dugu zerua, antza.

Hautu kontzientea izan da, badakigu erdara hegemonikoetan egin izan bagenu, ateak ez ezik leihoak eta tximiniak ere irekiko zizkiotela, baina geuk, hala ere, euskaltzale leial garen aldetik, tinko, euskaraz. Zer eta nola egiten dugun, hori bigarren mailakoa da, dena ezingo zaigu eskatu eta…

Euskara, genero gramatikalik gabeko hizkuntza denez, gu sortzez omen gara berdinzaleak. Haurdun dagoen batek haurra izango duela esan ohi du; haurra, eta kito, ez neska ez mutil, euskarak berak ematen dio haurraren generoa ez zehazteko lizentzia. Maitale bat duenak ‘maitale’ esan dezake, edo ‘lagun’, azalpen gehiagorik gabe; zer inporta du ba hura neska edo mutil edo dena delakoa izatea?

Badirudi gure hizkuntza ustez sakratu, gaindiezin eta ahalguztidun hau, beste behin ere, besteen, behintzat inguruko hizkuntzen, aurretik doala, eta izan, izango da beste hizkuntzetako hiztunei hori aurpegiratzeko azala duenik ere. Kontatuko diete, harro-harro eta zeharo sinetsita gainera, gurean, hizkuntzari dagokionez, ez dela genero-bereizketarik ezagutu ere egin. Ez dute, ordea, txanponaren beste aldea aditzera emango: ez dute esango, ‘haur’ bat izango duenari, jakinarazpen hori egin eta gero, segundo baten erdiaren laurdena pasatzen dela, asko jota, norbaitek ‘hara, eta neska edo mutila?’ galdetzen dion arte. Maitale bat duela dioenari, aldiz, galderarik ez: jakintzat emango dute beste pertsonaren generoa, nahiz hanka sartzeko arriskua begi-bistakoa den.

Hizkuntzak ez dira berez sexistak, ez dira berez berdinzaleak; gorpuzten duten komunitate baten ispilua baizik.

Hizkuntza erabilerak egiten du, eta genero-bereizketa (binarioa) gure kontzientzietan dagoenez, kalean, etxean, lantokian… ezinbestean zipriztinduko ditu gure hitzak ere. Hiztunok ematen diogu hizkuntzari balioa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!