Norbaiti gurekin kafetxo (eta izen horren pean sartzen diren colacao edo te) bat hartuko duen galdetzean elkarren konpainia bilatzen dugun momentua nahi dugula ulertzen dugu. Kafetxoak agertoki behartuak izan litezke, beste edozein testuingurutan esango ez genituzkeenak esateko abagunea. Akaso sinesten dugulako guk kafea irentsi baino gehiago, hura dela gure korapiloak trago bakarrez irentsiko dituena. Eta horrela sortu genituen, beste askoren artean, “kafe-terapia” eta “kafe-tertulia” moduko hitz-elkarketak, “kafekideekin”, zergatik ez, barra-barra egiten ditugun horiek, eta hala bilakatu zen “kafea hartzera joatea” eguneroko huts egin ezinezko zita.
Izaten dira kafekideak kezkaren bat kontatu beharreko kafetxoak ere. Beraren kontaketak irauten duen bitartean, solaskideak aspaldi hoztu zaion kafeari kikaran klin klin eragiten dio, badaezpada, isiltasun deserosorik egon ez dadin. Eta gero, solaskidea tantaz tanta bere barrenak husten hasiko da. Glup, kafeari emandako tragoxka bakoitzean zera nabaritzen dute, sabeleko korapiloak askatzearekin batera, glup, beren bizitza baino garratzagorik badela, glup, kafea bera, beste askoren artean.
Kafetxoa soziala da erabat, lanean, etxean, kalean, etentxo (behin diminutiboekin hasita…) bat egin eta kafearen aitzakian ingurukoekin (nahiz norberarekin) dena delakoa partekatzeko momentua. Eta hain gertukoa dugun arren, oraindik ulertu ezinda nabil, zergatik ez dugun sekula topa egiten kafearekin. Ez al da ba partekatzea ospatzeko nahiko motibo?
Hurrengorako, badakizue.