Kale Kantoitik

Patxadaz

Erabiltzailearen aurpegia Ainhoa Mendiluze 2017ko abe. 5a, 12:15

Iritsi dira neguko lehenengo elurrak. Demagun errepidean ez atzera ez aurrera egokitzen zarela autobusean.

Ezkorrenak madarikazioka hasiko dira, eta azken pazientzia-kondarrak agortzearekin batera, kopeta belztu, bizkarreko muskuluak tentsioan jarri eta tak-tak-tak hasiko zaie bi hanketako bat lurra kolpatuz, gero eta erritmo biziagoan. Autobus-gidariari madarikazioka hasiko zaizkie. Ez hitzez, zaunkaka baizik.

 

Baikorrenei, ordea, begietan dir-dir eragingo die jausitako elur-maluta bakoitzak. Zain egongo dira, larritasunik gabe, inprobisatutako egongela horretatik ikusmiran leihotik begira. Elurraren pausatzeak zeharo liluratuko ditu eta kontrakorik egin gabe utziko dio elurrari bere bidea, edo tira, jarduna gauzatzen. Isiltasunaz gozatuko dute. Miretsi egingo dituzte firin-faran airoso dabiltzan malutatxo horiek, baita zerutik lurrerako bidea zuzen-zuzenean egiten duten astunxeagoei ere. Eta arreta emango die nola maluta batek, beste batek, hirugarren batek, zuhaitz-adarrean babesa bilatzen dutenean azkenean klak apurtuko duten adarra bera.

 

Bigarren talde horretan irudikatzen ditut nik euskarari opa dizkiodan pertsonak: pazientziadunak eta patxadatsuak. Euskaldun berriekin lasai ari direnak euskaraz, igande-pausoz bezala. Isiltasun eta etenez ere gozatzen badakitenak, hizlariari bere bidea egiten utziz, esaldia amaitzen lagundu gabe, nahiz egun batzuetan hitzak aiseago aurkitu eta bestetan harri azpian bilatzen ibili beharko duen hark. Errespetudunak, solaskideak egiten duen esfortzua baloratzen dutenak, ez Irlandara labetik atera berri zenuen ingeles-titulu horrekin joan zinenean gaztelaniaz erantzun zizutenean bezala. Izan ere, pazientzia eskukada bat, “entzungo dizut lasai” begirada bat, erdaretara salto egiteko zorian hankak euskaran euste hori, azkenean klak, pertsona horrek ere bere-berea sentituko du euskara.

 

Kopetarik zimurtu gabe, zaunkarik egin gabe, irribarretsu, espero gaitu euskarak.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!