Kale Kantoitik

Tolosismoaz

Erabiltzailearen aurpegia Ainhoa Mendiluze 2017ko aza. 7a, 12:42

Azken aldian, inoiz baino kontzienteago naiz Tolosako burbuila hermetikoan gertatzen ari den fenomeno bitxiaz. Zaila da hautematen, oso baita abstraktua, are, zail egingo zaizu bere presentziaz jabetzea fenomenoa distantzia batetik ikusi ezean, museoetako artelan modernoen moduan. Baina zenbat eta gehiago urrundu, orduan eta errazagoa da definitzen.

Tolosismoaz ari naiz, eta tolosistez. Tolosistak dira jaiotzez beren herria beste ezer baino hobeto saltzen dakitenak, Tolosari ordainsaririk gabe etengabeko publizitatea egiten diotenak, "Topic Europako txotxongilo-museorik handiena da" gisakoen bidez. Tolosista edozein urte-sasoitan dabil hurrengo inauterietarako mozorroaren peskizan eta oilo-ipurdia jartzen zaio San Juan bezperako zortzikoa entzutean. Tolosista saltsa guztietan dabil bata eta bestea antolatzen; izan ere, doministiku eragiten diote betiko azoka "besterik" ez duten larunbatek. Tolosistek nahigabea sentitzen dute larunbaterako planik ez duten beste herrietako lagunekiko eta horregatik errepikatzen dizkiete urte osoan zehar Garagardo Azoka, Tolosa Goxua, Babarrunaren Festa eta Nazioarteko Abesbatza Lehiaketaren (besteak beste) abantailak. "Tolosan beti da zerbait, zuek ezer eta festa!" modukoak entzutera ohituta dago tolosista. Eta horrek akaso, gehiago puzteko aitzakia ematen dio.


Bai, badakit emandakoak erabat neurriz kanpoko estereotipoak direla. Eta gezurra badirudi ere, ondo deritzot tolosar askoren "aktibismo" horri, hori baita hein batean herria hain bizi egin dutenak eta herri-sentimendua sendotzen dutenak. Egiari zor, nik neuk ere ikusi izan dut nire burua horrelakoren batean. Hala ere, nago, ez ote den maiz gehiegi esatea eta gutxiegi entzutea, alegia, norbere-zilborraren-sindrome kontua.


Eta orain, barka eskualdeko gainerako irakurle guztiei, Tolosaldeko Atarirako idatzi eta nire zutabean begia Tolosan baino ez jartzeagatik. Azken finean, ni neu ere tolosarra bainaiz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!