Urduritzen hasiko zinen. Listo, erosketak eginda, zerrenda mentalean markatu, tik. Lanera. Nola aste honen amaierarako bukatu beharra dagoela lan hori? Ene, mugitu beharra daukat, pentsatuko zenuen. Begirada ordenagailuko pantailatik altxa eta ipurdia gogortuta sentitzerako, arratsaldeko seiak topatuko zenituen zuri begira. Lanordu luzez tip tap tip teklatuan eta triiinn telefono deien artean, fuuuu luze batez utziko zenion azkenean (!) diagfragmari lasaitzen.
Baina bizitza ez omen da lana, ezta lana bizitza ere, eta nork esan behar dizu zuri hori, ustez carpe diem lelopean bizi den horri? Orduan, izerdi baino obsesiotik gehiago duen kiroldegi batera joango zinen, ahalik eta denbora laburrenean -ez baikaude denbora galtzeko- ahalik eta kirol gehien egitera, eta harro sentitu ustez "erlaxatu" egin zarelako "osasuntsu" egoten lagunduko dizun horretan. Ui, berandutu egingo zitzaizun. Eta biharamuneko bazkaria egiteke…
Etxera iristean, oinak ia arrastaka, biharamuneko eginbeharren zerrenda irudikatuko zenuen, egun hartan egin behar eta egin ez dituzunengatik madarikazioka. Betiko tipoa ikusiko zenuen betiko bankuko betiko muturrean eserita, bizitzari begira-begira oraindik, egonean. Errukia sentituko zenuen harekiko, zuk "hainbeste" egin eta hark "hain gutxi" egin zuelako egunean zehar.
Eta gauean, leher eginda ohean plof erortzearekin batera, irribarretxoa irtengo zitzaizun, egunean lehenengo aldiz arnasa hartzeko momentu harengatik. Eta amets egingo zenuen, hurrengo goizean jaiki eta betiko tipoa izatearekin amets, ametsetan behintzat bizitzaren joanaz jabetzeko denborarik izango duzulakoan.