Pasahitza (zaharra)

Zainketa bereziak

Erabiltzailearen aurpegia Ainhoa Elizondo 2017ko abenduaren 27a

Ez dituzu sekula gabon jaiak gehiegi maitatu, eta aurten are gutxiago. Zainketa bereziko gelan zaude, gau eta egun. Lau hilabeteko semetxoak arnasteko arazo haundiak dauzka, gero eta haundiagoak. Eta arnasa mozten zaizu zuri ere maiz azken egunotan. Soberan dituzu telefono deiak, kaleko argiak, turroiak eta ardoak.

Bi begi bakarrik dituzu, beste bi begi txiki horiek begiratu eta zaintzeko. Eta egia da, ez diozu begirik kentzen Ametsi. Begiek ez baitute inoiz gezurrik esaten. Hitzen indarra itzaltzen denean, begiradak gelditzen zaizkizu, dena esaten duten soak. So bat bizitza oso bati, so bat egindakoari, so bat elkarri…
Ez dakizu zer gertatuko den, halaxe aitortu diozu gaur lagun minari. Eta beldurtuta zaude, nekatuta. Eta asko kostatu bazaizu ere, baimena eman diozu zure buruari, sentimen horiek azalerazteko. Azkenean egin duzu.
Beste egun bat esnatu da gaur. Medikua pasa da eta irrifar berezi bat eskaini dizu. Dizdira berezia somatu diozu eguzkiari, eta zirrara bat sentitu duzu barruan. Agian seinale on bat da. Agian.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!