Zorionak, Oinkari!

Erabiltzailearen aurpegia Ainhoa Barandiaran 2015ko aza. 24a, 11:16

Mila bederatziehun eta hirurogeita hamabosteko azaroaren 20an generalisimoa hil eta egun berean sortu zen Oinkari dantza taldea; bat hil eta bestea sortu. Zalantzarik gabe, berri onak biak hala biak.

Orain 40 urte dantzan hasi zen gazte kuadrilla hark fruituak erein eta Oinkarik uzta ondo baino hobeto jaso du.

Orain urtebete hasi ginen 40. urteurrenaren harira ospatzeko asko genuela eta, buruari bueltak ematen. Argi genuen, Oinkari osatu duen jendearekin ospatu nahi genuela urtemuga berezi hau, 40 urte hauetan dantza taldean ibili diren guztiak izan baitira protagonista; horretarako aproposena dantzari eta dantzari ohiekin emanaldi bat osatzea zela pentsatu genuen. Lehen deialdia irailean egin genuen eta jendearen erantzuna izugarria izan zen; guztiek agertu zuten emanaldian parte hartzeko interesa. Beraz, belaunaldika bildu eta entseguak egiten hasi ginen. Joan den ostiralean agertoki atzean sortu zen magia deskriba ezina zen: 200 pertsona inguru dantzatzeko prest, urduri, baina nola ez guztiak, hilabeteetako lana bertaratutakoei erakusteko deseatzen. Lanak amaitu ondoren, hurrengo eguneko ospakizunen zain geratu ginen. Larunbatean, eguraldiari bizkar emanez, guztiok bat egin eta familia handi bat osatu genuen, belaunaldi desberdinak biltzen dituen familia. Umore onean, dantzan eta kantuan ibili ginen, guztiok elkarrekin. Ezbairik gabe, 40 urte hauek eman dutena ondo ospatu dugu.

Hala ere, azpimarratzekoa da hilabete hauetan burutu den lana. Orain arte osatu ditugun emanaldiak talde txikian sortutakoak izan dira, sormen lanean oinarrituak, bide profesionala jorratuz. Oinkari 40 urte dantzan emanaldia, ordea, berezia izan da. Parte-hartzaileek herriarentzat sortutako lana izan da, dantzari eta dantzari ohiek elkar hartu eta 40 urte hauetako uzta herriari erakusteko bidea. Oinkariren izenean parte hartzaile guztioi zorionak eta eskerrak eman beharrean gaude! Mila esker guztioi, ostiraleko magia horren parte izateagatik!

Ezin atzean utzi, bestetik, ospakizun hauek ospatzeko laguntzaile eta bidelagun izan ditugun herritar eta komertzioak. Zuen laguntza eta babesik gabe ezin izango litzatekeelako uzta hori behar bezala erakutsi, bihotzez, benetan, eskerrik asko! Egun hauetan jasotako indarrak, beste hainbeste urtean jarrai dezala fruituak ematen.

Zorionak OINKARI!

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!