Emily Fletcherrek, Ziva meditazio-zentroaren sortzaileak, esker ona antidepresibo naturaltzat jotzen du. Esker-ematearen ondorioak medikazioaren antzekoak izan daitezke egunero egiten bada. Zoriontasun eta gogobetetze sentsazioa eragiten du, neurotransmisoreen mailan ikus daitekeen oinarri fisiologikoarekin. Esker ona adierazten dugunean eta gauza bera jasotzen dugunean, gure garunak dopamina eta serotonina askatzen ditu, gure emozioen erantzule diren neurotransmisoreak, eta ondo sentiarazten gaituzte. Esker ona egunero lantzen dugunean, neurotransmisore horien zirkuituak indartzen ditugu.
Gizarte-harremanak eraiki eta indartzen dituen emozioa ere bada. Esker ona adieraztean, laguntzako eta atseginak izateko erantzuna hautematen dugu, eta, aldi berean, talde-komunikazioa hobetzen dugu, eta horren ondorioa pertsonen arteko konexio sendoagoak dira.
Oso interesgarriak iruditzen zaizkit esker onak antsietate mailak nola jaisten duen ikusi dituzten ikerketek. Antsietatea organismoaren erantzun bat da, arrisku batez ohartarazten gaituena. Beldurra nagusitzen zaigunean, hiru modutan erreakzionatu dezakegu: ihes eginez, borrokatuz edo paralizatuz. Antsietatearen okerrena da ez garela seguru sentitzen eta gure gaitasunak zalantzan jartzen ditugula, eta, beraz, aurre egiteko dauzkagun mekanismoek huts egiten digute.
Gure garuna erantzunak errepikatuak erreproduzitzeko diseinatuta dago. Gehiegi arduratzen garenean gerta daitezken gauza txarrez, gure burmuina erreakzio hauen zirkuitu neurologikoak sendotzen hasiko da, eta informazio negatiboa baino ez du prozesatuko. Esker ona modu kontzientean lantzean, garuna entrenatu dezakegu emozioei eta pentsamendu positiboei arreta jartzeko, antsietatea eta segurtasunik ezaren sentimenduak murriztuz.
Esker ona lantzeko, ariketa sinple batzuk egin daitezke, hala nola, bi ariketa hauek:
Esker Oneko Egunkaria. Egunaren amaieran, eguna zer izan den gogoratzeko une bat bilatu bakarrik egoteko, eta arreta gauza positiboetan jarriz, eskertuta egoteko lauzpabost arrazoiren zerrenda bat egin.
Esker Oneko potoa. Nire gustukoenetako bat. Poto bat aukeratu eta, egunak aurrera joan ahala, esker oneko une atseginak gogoraraziko dizuten objektuekin betetzean datza. Ilusioa egin dizun erosketa baten tiketa izan daiteke, hain berezia den kafe horretako azukre koxkorraren papera, bidaia bateko txartela, afari bateko kontua edo hondartza egun bateko maskor txiki bat, ideia batzuk ematearren.
«Esker ona modu kontzientean lantzean, garuna entrenatu dezakegu emozioei eta pentsamendu positiboei arreta jartzeko»
Oso ariketa interesgarria iruditzen zait ere ezbeharrak aukera gisa ikustea edo horregatik eskerrak ematea. Esan genezake hau bizi-jarrera bat dela. Gogoan dut ideia horren harian Freuden esaldi hau: «Zorionekoa izan naiz, bizitza ez zait batere erraza suertatu». Askotan gogoratzen dut esaldi hori, eta paziente askorentzat oso inspiratzailea da. Epikteto, estoiko ezagunenetako bat, honako esaldi hau ere utzi zigun:
«Pertsona jakintsua ez da atsekabetzen ez duenagatik, baizik eta daukanagatik pozten da», eta estoikoekin jarraitzeko, Senecak esaten zuena: «Kendu ezin digutena bakarrik dagokigu guri», beraz, nahi badugu, esker ona emateko arrazoiak ditugu.
Esker onez pentsatzen dudanean, bizitzaren aurrean esker oneko jarrera duten pertsonen adibideak ere etortzen zaizkit burura, eta bukatzeko horietako bi aipatu nahi nituzke, elkarrengandik oso ezberdinak direnak. Juan Carlos Unzuek futboleko atezain ohiak, gaixotasun larri bat duenak, bere liburu autobiografikoari —euskarara itzuli gabea—, Una vida plena izena eman dio. Bertan, eskertuta agertzen da izan duen bizitzagatik, eta ispilura begiratzen den bakoitzean honako hau esaten dio bere buruari: «Oraindik partida geratzen da». Bere hitzetan gogoratzen digu bizitzak merezi duela, bizitzaren atal bakoitza hauskorra bada ere, zatietan apurtzen ari bada ere. Eta nola ez, Esker ona liburua Oliver Sacksek idatzi zuena sei hilabete geratzen zitzaizkiola iragarri ziotenean, eta bertan bizitzagatik sentitzen zuen esker on izugarria adierazten du.