Barruan gozo egoten gara neguan, baina hibernazio hori nahi baino gehiago luzatu zaigu aurtengoan, halabeharrez. Kanpora irteteko eta elkartzeko aukera gutxi izan dugu asteotan, eta, ondorioz, baita ospakizunetarako ere.
Tartean dira ezkontzak. Urte guztian izaten dira, baina udaberritik hasi eta udazken hasiera bitarte egiten dira gehientsuenak. Tamainaren eta nahiaren arabera beti ere, baina aurretiazko prestaketa eskatzen du ezkontza ospakizunak, eta bikotearen agenda hainbat gremiorenarekin lerrokatu behar izaten da. Antolaketa horiei guztiei eragin die osasun larrialdiak, eta bikoteak nahiz antolaketa horietan aritzen diren profesionalak ezustean harrapatu ditu.
B plana, osatuta
Zehazki, aukeratzen den lehen lekuetakoa izan ohi da tokia, gonbidatuak sartzeko azpiegitura beharrak bultzatuta. Zizurkilgo herrigunetik gora eginda, aparteko inguruan topatuko dugu Abeletxe finka. Bosgarren urtea bete du berritu eta, bereziki, ezkontzatarako eta enpresatako bilera eta aurkezpenetarako egokitu zutenetik.
Martxoaren 21ean ezkontza zuten Abeletxen: «Aste horretan alarma egoera ezarri zen astean ezkontza bat prestatzen ari ginen buru-belarri; aurreko egunetan bikotearekin gauzak nola egin zehazten», azaldu du Aitziber Luluaga finkako kudeatzaileak. «Ezkongaiak deitu zidan, medikua da, eta berak esan zidan: 'Aitziber, ez gara ezkonduko, atzeratzea erabaki dugu'. Medikua izanda protokolo zorrotza zuten, gainera».
Egoera dezente aldatu zen denbora gutxian eta hura ikusita, martxotik apirilera bitarteko bikoteekin hitz egin, eta beste egun bat aukeratzeko aukera eman zitzaien. «Denborak aurrera egin ahala ikusi dugunean egoera uste baino zailagoa zela, agenda hilabetetik hilabetera hartu, eta bikote guztiekin hitz egin dugu, ea beraien asmoa zein den jakiteko eta bigarren data bat gordetzeko: B plana deitu duguna osatu dugu». Martxoan hasi eta uztailera bitarte, hilabete hau barne, hamabost ezkontzari eragin die osasun larrialdiak; eta, ospakizunaren tamainaren arabera, langile kopurua ezberdina izaten bada ere, hogei bat langileri.
Ezusteko honen aurrean, ezkongaiek erakutsi duten jarrera eskertzekoa izan dela azpimarratu du Luluagak: «Ahalik eta ondoen egiten saiatu gara, eta denak nahiko konforme geratu direla uste dugu. Bikoteentzat ere sekulako esfortzua izan da: pentsa, data batean ezkontzeko asmoa izan, hainbeste denbora zain egon eguna iristeko, eta gero hau guztia gertatzea. Beraientzat ere oso zaila izan da, eta hemendik eskertu nahi diet beren jarrera».
Aitziber Luluaga: "Bikote guztiekin hitz egin dugu, ea beraien asmoa zein den jakiteko eta bigarren data bat gordetzeko"
Maiatzean berriro hasi dira eskaera berriak jasotzen: «Hau guztia gertatu zenean egia da ezkontza berriak erabat geratu zirela: ez genuen ezta e-mailik jasotzen ere, jendea ez baitzegoen ezkontzatan pentsatzen, geneukan egoeran baizik. Gauzak pixka bat arindu direnean, hasi gara berriro ere deiak eta mezuak jasotzen». Bikoteok egoera zein izan daitekeen sumatuta, uztailerako ez ezik, «zuzenean martxotik azarora bitarte larunbaten bat libre ote daukagun galdetzen dute», adierazi du Luluagak.
Itxialdia bestelako lan batzuetarako baliatu dute: «Lorategia egunero zaindu dugu, etxearen garbiketa egiten jarraitu dugu, altzari txikiak pixka bat ere aldatu ditugu...». Epe motzeko aurreikuspenen inguruan galdetuta, ea hurrengo ezkontza noiz izan daitekeen, uztailaren bukaerarako itxaropena badutela aipatu du Aitziber Luluagak: «Denborak aurrera egin ahala ikusi beharko da zeintzuk diren baldintzak. Azken fasea eta gero zer esaten den ikusi beharko dugu, eta horren arabera moldatu. Arau batzuk daude, eta guk horiek ondo betetzen saiatu behar dugu». Azken hitza bikoteak izango du zentzu horretan: «Guk zein arau dauden esango diegu, eta beraiek esango dute, horrela egin edo hurrengo urtean egin».