Koronabirusa

Ezkongaiak eta gonbidatuak ere bai

Naiara eta Leire Loinaz, ezkontzatako arropen MP Boutiquekogunea. A. GOIKOETXEA

Argazki dendatik atera eta Kale Berrian gora goaz; edo behera, ikuspuntuaren arabera. Mujika ile-apaindegia eta MP Boutique, gure hurrengo helmugak.

Ibilbide luzea du Mujika ile-apaindegiak: Maite Mujika bere aitarekin hasi zen ofizioan, eta ordutik hona 40 urte pasa direla gogoratu du. Nola ez, ezkontza ugari bidean. «Martxoaren 28an geneukan lehen ezkontza. Proba guztiak eginda geneuzkan, noski; eta hurrengoa, maiatzaren 2an. Sei bat ezkontza izango ziren mugitu direnak. Mantentzen zaigun lehena, orain, abuztuan daukagu», azaldu du. Esan gabe doa, ezkongaiak ez ezik ezkontza horietarako eta beste batzuetarako gonbidatuak ere joaten zaizkiela.

«Iraila oso ona izaten da ezkontzei dagokionez; apiriletik uztailera bitartean, eta gero irailean eta urrian izaten dira gehienbat. Santio Egunaren inguruan eduki izan ditugu asko», azaldu du. Aurtengoan agenda bestelakoa izango da, baina aitortu duenez ile-apaindegian erraz egokitu daitezke data batera edo bestera: «Gurea pare bat orduko lana izaten da, eta asko gara, beraz, errazagoa dugu aldaketetara egokitzeko». Zazpi lagun aritzen dira, lanordu kopuru ezberdinekin: estetizista bat eta ile-apaintzaileak dira gainerakoak.

Alarma egoera ezarri zenean, ezusteko galanta hartu zutela gogoratu du, hasiera batean ireki behar zutela entzun zutenean, bezeroarengandik oso hurbil egon behar baitute. Protokolo zorrotza jarraitu dute berriro hasi direnean: «Garbitasuna asko zaintzen da hemen beti, baina bestelako neurriak ere hartu ditugu: bi talde egin genituen eta gure artean nekez ikusten genuen elkar». Itxialdia ere baliatu dute bestelako lan batzuk egiteko: «Prestatu egin gara. Bideo tutorialak jaso ditugu, eta lan egiten dugun frantziar laborategiarekin aurrerantzean bideo konferentzia bidez ere lan egiteko trebatu gara», azaldu du Maite Mujikak.

Teknologia ere ondo etorri zaio handik pauso gutxira kokatuta dagoen MP Boutique-ari: «Online zerbitzua nabarmen igo zaigu konfinamendu garaian, Facebook eta Instagram bidez», azpimarratu du MPko Leire Loinazek. Martxoaren bukaeran, denda itxita zegoela, argazki gehiago igotzen hasi ziren, eta «oso-oso gustura» daude emaitzarekin.

Leire Loinaz: "Egoera arrunt batean datorren urtekoak jada erosita izango genituzke"

Egunerokorako arropaz gainera, ezkontzatako gonbidatuentzako arropa izaten dute, edota soineko zuririk gabe bestelako arropa batekin ezkondu nahi dutenentzako arropa: «Gure negozio bolumenaren %45-50 izaten da».

Beste epe batzuk ditu ospakizunetarako arropa mota honek: «Salmenta otsailean hasten dugu, eta irailera bitarte izaten da; urrian zerbait saltzen da, baina jada gutxiago urtarrilaren erdialdera arte-edo. Gehien saltzen ditugun hilabeteak martxotik maiatzera arte eta iraila izaten dira». Bete-betean eragin die, beraz.

«Eskaera askoz txikiagoa izango da aurten», aurreikusten du Loinazek. «Urte bukaeran outlet bat jartzen dugu, soineko 'zailagoak' izan daitezkeenak bertan jarriko ditugu, eta, gero, gelditzen den stock-a hurrengo urterako utziko dugu», erantsi du. Aurreko urteko udaberriaren hasieran hasten dira hurrengo urteko ospakizun arropak hornitzaileei erosten: «Egoera arrunt batean datorren urtekoak jada erosita izango genituzke. Oraindik ez dugu ezer erosi, eta, egia esanda, hornitzaileek ere ez digute deitu: showroom-era ez dira oraindik arropak iritsi», azaldu du.

Maiatzaren 11n ireki zituzten ateak berriro: «Lehen astean erantzun apala izan zen dendan bertan, baina pixkanaka hazten joan da, eta ekainarekin oso gustura gaude. Ezkontzatarako arropa ere hasi da mugitzen», aitortu du Loinazek. Dendan degoen lagun kopurua neurtzeko, eta Villabonatik eta eskualdetik ez ezik, lurralde osoko jendea etortzen zaienez gero, ezkontzetarako arroparako aurretiazko hitzordua jarri dute: «Lehen astean bi hitzordu izan genituen, bigarrenean gehiago, eta jada egunean lau bat hitzordu izaten ari gara. Udazkenerako datak dituzten bezeroekin».

JAUNARTZEAK, IRAILERA

Jaunartzeak aipatu dizkigu batek baino gehiagok: «Ezkontzak urte guztian badira ere, jaunartzeek oso data zehatzak dituzte, eta maiatzean eta ekainean egiten dira. Argazki erreportajea bi hilabete lehenago egiten da», azaldu du Karlis Medranok. Maite Mujikak eta Garazi Dorronsorok ere izan dituzte ahotan, haienera ere jotzen baitute; zehazki, jaunartze bat tarteko, argazki saio baterako lore sorta txiki bat prestatzen harrapatu dugu loradendakoa.

Ibilbide luzea du Maite Mujikaren ile-apaindegiak. A. GOIKOETXEA

Irailera pasa dituzte inguruko herrietako jaunartzeak, beraiei zuzenean eragiten dietenak behinik behin: «Elizan sar daitekeen lagun kopurua ere txikiagoa da orain, eta denak batera ezin eginda, egun gehiagotan egin beharko dira segur aski», aurreikusten du Mujikak Villabonan.

Ezustekoak etor daitezkeenaren ideia beti ere gogoan izan behar dela jakitun, baina agendan hitzorduak zehaztu ahal izatea beti da lasaigarri.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!