Dena dela, hona ez gara euskarak erdaretatik hartu dituen irain eta birao mailegatuak zein diren azaltzera etorri. Nik behintzat lehendik ezagutzen ez nituen eta XVII. mendean lekukotzen diren irain batzuk nahi ditu hona ekarri.
Fernando Maiora Mendiak Reino de Navarra. Euskera. Injurias, coplas, frases (2011) liburuan XVI. mendeaz geroztiko euskarazko lekukotasunak biltzen ditu garaiko hainbat eta hainbat agiritan hauen xerka ibili ondoren. Euskara arkaiko eta zaharraren lekukotasunen korpusa osatzen lan baliagarria bada ere, hona gogora ekarri dugu bertan agertzen diren hainbat irain direla eta. Hain zuzen ere hiru irain aipatu nahi ditugu:
Adaburu: Irain hau maiz lekukotzen da XVII. mendeko agirietan. OEH begiratuta ikusi liteke adaburu euskaraz lekukotu izan dela eta animali zein zuhaitzen adarrekin lotura duela. Aipatu ditugun agirietan, ordea, bestelako adar batzuez ari dela dirudi, senarrak emazteari eta emazteak senarrari jarritakoez alegia: “la dicha Maria Martyn de Esain dixo a daltas vozes publicamente al dicho Martyn de Echalecu y en bascuençe adaburuçarra, que en romançe quieren dezir cornudo viejo.”
Adartzu: Hau ere adarrekin lotua dago, are gehiago, ‘adar asko dituena” esan nahi duela dirudi, eta aurrekoaren sinonimotzat har litekeela esan daiteke: “Hijos de cornudos y de los que tienen cuernos que en bascuenz se llama adarçu cumeac”. OEHn Adartsu aldaera jasotzen da, eta Larramendik bere hiztegian “cornudo, provisto de cuernos” itzulpena eman zion.
Adar kontu hauek gogora ekartzen dute 1619an Tolosan idatzitako bertso iraingarria, Tolosako Miraballes etxean “ematen ziren adarrak” zirela eta: “Adarrac emaiten dira Misaballesen, dozena milla florinen”.
Okelatu: hain zuzen ere irain hau da arreta gehien piztu diguna. OEH begiratuta, tradizio idatzian oso gutxi lekukotzen den hitza dela ikus liteke, eta lekukotzen denean ‘xerraturik, zatiturik’ edo antzeko zerbait esan nahi duela dirudi. XVII. mendeko irainean, ordea, beste esanahi bat duela dirudi: “Y le dixo este testigo ‘calle comadre, dexese de pesares’ y la dicha Joana Martin dixo en bascuence estas racones beguira biute, oquelatu ciquin orieq estitcula sobra barrena sar, esteçagun cembayt su vitz que estas palabras las entiende que quieren decir ‘guardense, no se metan muy adentro, no encendamos algun fuego’, fuele preguntado que entiende por la palabra oquelatu y si save por quien y contra quien dixo las dichas racones y respondio que por las que ablo presumio heran dichas contra la presentante y su hija y que la palabra oquelatu sospecha que quiere decir mala y de mala vida”.
Comadre horrekin bista dago emakume bati zuzenduta dagoela, bizimolde txarra duen emakume bati alegia; beraz, gaude okelatu ez ote den haragikeriarako (hots, sexu harremanetarako) joera duen pertsona.
Hizkera gehienetan, guztietan ez bada, irain hauek galdurik daude, baina hiztegietan eta batez ere OEHn txokoren bat merezi dutelakoan gaude.