Juan Antonio Ubillos billabonatar idazleaz ari gara. 1707an jaio zen Amasa-Villabonan. Txermin auzotik Arratzainerako bidea hartu eta gero handik ezkerrera dagoen bideetako bat hartuta dagoen Galatas baserrian jaio zen, bere jaiotza gogorarazten duen oroitarria dago bertan. Hamabost urte zituela, 1722an, Arantzazuko komentuan sartu zen, Teologian graduatu zen 1755ean Alcala de Henareseko unibertsitatean eta filosofia eta teologia irakasle gisa aritu zen Tolosan eta, gerora, Arantzazun.
Zalantzari gabe, eskualdeak eman duen idazle zahar jantzietariko bat da Ubillos. Hainbat lan idatzi zituen: Philosophia rationalis (Donostia, 1755), Philosophia Transnaturalis eta Philosophia Naturalis (Gasteiz, 1762). Hona gogora ekartzearen eta gipuzkera idatziaren aitatzat hartzearen arrazoia beste bat da hala ere. Hain zuzen ere, euskarari egindako ekarpena Fleuryren Catéchisme historique liburuaren euskarazko itzulpena da, Cristau doctriñ berri-ecarlea christauari dagozcan eguia sinis-beharren-berria dacarrena. Jaun Claudio Fleuri abadeac arguitara atera zuanetic (1785)izenburua eman zion idazle billabonatarrak.
Liburuak beste zenbait argitalpen izan baditu ere, hainbat eta hainbat idazle zaharren liburuen antzera ez du taxuzko edizio filologiko onik izan oraindik. Ubillosen obrari eta erabili zuen euskarari buruz egindako lanak ere ez dira nahi bezainbatekoak. Honela definitu zuen Juan Otegik Ubillosen hizkera: “Juan Antonio Ubillosi euskararen sena sumatzen zaio. Ez du batere zail euskaraz idaztea. Berezkotasuna agertzen zaio. Taiu oneko prosa du. Ez da batere konplikatua, ez nahastua; argia baizik. Euskal, prosa ez du esaldi menperatuz betetzen, labur eta argi ebakitzen ditu esaldiak; baina ez dabil esaldi menperatuei iheska ere. Badaki nolako euskara erabili, bere iritzia egina du. Ez da bide horretatik irtengo.”
Horretaz gain, Larramendiren eragina nabaritzen omen da, batez ere hitz berrien erabileran, gainerako orduko idazleen artean ohikoa den bezala, Kardaberaz eta Mendiburu kasu; gainera gai honek kezkatzen duela dirudi: “Hizkunz bakoitzak ditu, hitzegiteko berezko ta bere etxeko hitzak: gure euskerak beinzat bai. Onez aterontzeko geienak besterenak ditue. Ezpere begira Erderari ta ekusiko dezu geienak latin-hitzkunzarenak dituala, ta oez gañerakoak nok daki nongoak ta norenak. Berezko hitz oek hitzkribitzean ta esatean ezarri behar dira bakoitzari dagokan tokian. Euskeraz darauskizunean euskerazko hitzak ez badarabiltzatzu, zure erausia, hitzunea edo barbarismoa dala esango dizue ta hitz bakoitza dagokan tokian sartzen ez-padezu, zure hitz-jariori araututsa edo Solezismoa deituko dioe. Bost onelako enzuten degu euskerazko sermoietan! Ala baña, zori gaiztoan dakuskun bezala, euskaldun gitxik nekatu nai du euskerazko hitzak billatzen ta bakoitza bere tokian ipintzen. Euskerazko hitzak ongi ez-padirudi edo oitua ez pada, hura utzi, haren ordean artu diteke, ark esan nai duana, adirazteko adiña dan, beste bat”.
Ez legoke lekuz kanpo, beraz, Ubillosen obra aztertu eta editatuko lukeen proiekturik, ezta honen aldeko diru-laguntza eta inbertsiorik. Hara hor datorren urteko aurrekontuetarako proposamena.