Robotikako ikaslea da Beñat Bengoetxea eta ikasturte honetan hiru hilabetez egon da Portugalgo Leiria izeneko herrian praktikak egiten. Esperientzia oso aberasgarria izan dela dio.
Zer dela eta animatu zinen praktikak atzerrian egitera?
Hasieran garbi nuen ez nintzela atzerrira joango eta praktikak hemen egingo nituela. Baina lehenengo mailan nengoela hitzaldi bat ematera etorri ziren eta hor pixka bat konbentzitu ninduten. Erabaki bat hartzeko eguna iristear zegoen eta oraindik zalantza asko nituen, baina azkenean, baiezkoa eman nuen eta gustura; ez naiz damutzen.
Portugalera joan zinen.
Hori da, Leiria izeneko herrira joan nintzen, Lisboatik ordu eta erdira dagoen herria da. Enpresa herritik kanpo genuen, eta bertako lankide batek egunero kotxez eramaten gintuen lanera, baita etxera bueltan ere.
Nolakoa izaten zen zure egunerokoa?
09:00etan sartzen ginen lanera, eta enpresako sukaldariak jasotzen zigun 08:30ak aldera, etxetik gertu. Arratsaldeko 18:00etan bukatzen genuen lanaldia, hau da, guztira zortzi ordu egiten genituen lan. Eguna enpresan igarotzen genuen, eta lanetik irtetean erosketak egitera, kirola egitera edo pisukideekin planen bat ere egiten genuen. Astelehenetik ostiralera egiten genuen lan, eta asteburuetan berriz, Portugal eta inguruko herriak bisitatzeko aprobetxatzen genuen, baita parrandaren bat egiteko ere.
Nik zortea izan nuen izan ere, nire Tolosako lagun bat Aveiro izeneko eta nire herritik gertu zegoen beste herri batean zegoen. Berak autoa du, beraz, asteburuetan txangoak egiten genituen.
ISICOM enpresan ibili zinen. Zein zen zure zeregina?
Hiru hilabeteetan ez nuen eginkizun bera izan. Adibidez, hemen eskolan programazioa asko landu dugu, baina han oso gutxi egin nuen. Muntaia berriz, han asko landu dut eta hemen eskolan oso gutxi eta hori asko gustatu zitzaidan. Piezak diseinatzeko online bidezko kurtso bat ere egin nuen, Solidworks izenekoa. Hori ere gustura egin nuen. Horrez gain, beste hainbat gauzetan laguntzen nuen, eta askotan beste enpresa batzuetara joaten ginen bertan muntatzen zituzten robotak konpontzera.
Esperientzia aberasgarria, ezta?
Ordura arte egiten ez nekizkien gauza asko unean bertan erakutsi zizkidaten, eta alde horretatik gauza asko ikasi nituen. Ikasteko gogo handiarekin joan nintzen, bizitzan inoiz egin ez nituen gauza asko egin nituelako.
Zer esango zenioke praktikak atzerrian egiteko zalantzarekin dagoen ikasle bati?
Aukera hau orain aprobetxatu behar duela, ez lanean dagoenean. Gainera, pertsonalki asko laguntzen zaituen esperientzia da, eta beste kultura bat ezagutu edota hizkuntza bat ikasteko aukera ezin hobea da. Orokorrean, oso esperientzia aberasgarria da.
Zer moduzkoa izan zen etxera buelta?
Lehenengo egunak egokitzen joaten zara, baina egia da etxerako buelta oso arraroa egin zitzaidala, etorri eta aldaketa bat-batekoa izan zen. Han zaudenean denbora azkar igarotzen zaizu, baina beste une batzuetan etxea faltan botatzen hasten zara. Han gustora ibili nintzen eta seguru itzuliko naizela, baina egia da, baita ere, etxera oso gustura itzuli naizela.