«Gaur egun gizarte gero eta globalizatuago batean bizi gara. Hau dela eta, garrantzitsua ikusten dugu beste herrialdeetako erakundeekin harremanak garatzea», esan du Juan Luis Nazabal Tolosaldea Lanbide Heziketa Ikastetxe Integratuko Nazioartekotze Proiektuaren koordinatzaileak. Modu horretan eman zioten hasiera Nazioartekotze Programari, hain zuzen ikastetxeko plan estrategikoaren ardatzetako bat dena. Geroztik, atzerriko beste herrialde batzuekin hainbat ekimen burutu dituzte, eta pandemiak eragindako etenaldiaren ostean aurtengo ikasturtean proiektua berreskuratzea lortu dute.
ELKARTRUKEAK
Ekimen guzti horien artean atzerriko beste hainbat ikastetxerekin gauzatzen dituzten elkartrukeak daude, eta aurten burutu duten lehenengo ekintza hori izan dela azaldu du Nazabalek. Aurtengo ikasturtean, adibidez, Erasmus+ proiektuaren barruan merkataritzako ikasle talde batek bi asteko egonaldia egin du Reunion Uhartean ikasketak eta praktikak burutzeko asmoarekin. «Aurretik abiatutako proiektua da, izan ere, hango ikasleak gure eskualdean egonak ziren aurretik, eta oraingoan, hemengo ikasleei tokatu zaie hara joatea», esan du. Proiektu hau, bertako Lycée La Vue Belle-ko bazkideekin, elkartrukeak gauzatzeko akordio baten barruan kokatzen da.
Lehenengo astean ikasleek Lycèe Vue Belle ikastetxean eskolak jaso zituzten. Bertan, eTwinning-en bidez, Reunionekoekin osatutako kanpainaren parte bezala, Euskal Herriko toki esanguratsuei eta euskal kulturari buruzko informazioa zabaldu zuten. Bigarren astean berriz, praktikak egin zituzten Savannah merkatu gunean; supermerkatuan, altzari-dendan, loradendan eta burdindegian egon ziren ikasleak, besteak beste.
Duela gutxi ere mekanizazioko lehenengo mailako ikasleak Hazparneko San Josepe lizeora joan zirela kontatu du Nazabalek, «eta ondoren, hango ikasleak gurera etorri ziren».
Hazparnen aeronautikarekin lotutako elementuak ekoizten dituen Lauak Bat enpresa bisitatu zuten. Bertan, hegazkinen hainbat zati eraikitzen dituzte material bereziak erabiliz. Ikasleek ikastetxea ezagutzeko aukera izan zuten, bertako ikasleekin harremanetan aritu ziren eta makina ezberdinak aztertu zituzten mekanizazioko tailerrean.
Ondoren, San Josepeko ikasleek egonaldia burutu zuten Tolosan. Alde batetik, ikastetxea ezagutu eta tailerrak aztertu zituzten. Bestetik, Ibarrako Apatta Erreka industrialdean kokatutako hiru enpresa esanguratsu bisitatu zituzten: Lemu, Otsabio eta Mecanizados Harri. Horrekin batera, ikasleek Tolosako txoko ezberdinak ezagutu eta euskal kirolak praktikatzeko aukera ere izan zuten. Azkenik, Eureka Zientzia Museoa bisitatu zuten, egonaldiari amaiera emanez.
KA2 PROIEKTUA
Europar mailan benetako murgiltze hezkuntza baten kontzeptua hobetzea da KA2 proiektuaren helburua, eta aurten martxan jarritako proiektuak In As In INclusion du izena.
Azken horren helburua berriz, murgiltzearekin lotutako praktika onak herrialde ezberdinetan eta bertako erakundeekin elkarbanatzea eta elkartrukatzea da. «Ondoren praktika horiek bilduz liburu bat sortuko da, eta bestetik, irakasleentzako online bidezko prestakuntza saio batzuk antolatuko dira. Horrez gain, herrialde horietan zabalduko den ikastaro homologatu bat antolatzea da gure asmoa», aipatu du Nazabalek.
Dena den, herrialde bakoitzeko ikastetxeek ezaugarri desberdinak dituztela gehitu du: «Batzuk ezgaitasunak dituzten ikasleekin ibiltzen dira, beste batzuk errefuxiatuekin, Asperger duten edo hainbat zailtasun dituzten ikasleekin lanean aritzen direnak ere badaude edota baliabide ekonomiko txiroetatik datoztenekin ere. Gure helburua praktika guzti horiekin zer nolako eskuartzea egiten dugun ikustea da, prozesu guztia islatuz eta partekatuz. Hori da 2021 eta 2022 aurtengo ikasturtean martxan dabilen KA2 proiektua».
Horretarako, proiektuan parte hartzen duten sei herrialdeetan hainbat bilera egin dituzte aurtengoan, sei hilabeteko edo lau eguneko egonaldiak osatuz. «Urrian Sizilian izan ginen, eta maiatzean berriz, Turkian. Uztailean Portugalera joango gara eta Tolosan antolatuko dugu ondoren», kontatu du.
ATZERRIKO EGONALDIAK
Ikasle eta irakasleen atzerriko egonaldiek garrantzi berezia dute Tolosaldea Lanbide Heziketa Ikastetxe Integratuan. Izan ere, atzerrian burutzen dituzten egonaldi horiei esker prestakuntza jasotzeko aukera «bikaina» dela esan du Nazabalek: «Ikasleek praktikak hiru hilabetez bigarren mailan egiteko aukera izaten dute, eta irakasleak berriz, prestakuntza aurretik jasotzera joaten dira atzerrira».
Aurtengo ikasturtean irakasleek, guztira, bost formakuntza jaso dituzte atzerrian. Lehena Tknika-rekin batera Suitzako gobernuak bultzatuko innoVET proiektuko bilera izan zen, Alemaniako Wilhelmshaven hirian. Bederatzi herrialdetako ordezkariek parte hartu zuten, nazioartekotzearen bidez, Lanbide Heziketan berrikuntza sustatzeko helburuarekin. Martxo amaieran berriz, Suedian izan ziren, Tknikaren laguntzarekin, bertako Lanbide Heziketa sisteman eredugarri den Curt Nicolin Gymnasiet, eta AM (Aditive Manufacturing) teknologian maila eredugarrian diharduten zenbait bikaintasun zentro, konpainia edota entitate ezagutzen. Maiatzaren 16tik 18ra Suitzako gobernuak bultzatutako InnoVET proiektuak barne biltzen duen bilkura-saiora bidaiatu zuten.
Horren ostean, Frantziako Reunion uhartean izan ziren bost egunez. Frantziako Hezkuntza eta bereziki Lanbide Heziketako sistema gertutik ezagutzeko helburuarekin egin zuten bidaia, baita bertan dagoen ikastetxe batekin kolaborazioa indartzeko xedearekin ere.
Azkenik, pasa den maiatza amaieran Italia iparraldeko Brescia eskualdera egin zuten bisita. Eskualde industrializatu honen enpresak bisitatzeaz gain, bertako Lanbide Heziketa eskolen funtzionamendua ezagutzeko aukera izan zuten. «Ikastetxe eta enpresekin etorkizuneko erlazio posibleak izateko lehen kontaktua ere izan da».