Tolosaldeko euri erauntsia

Landa eremuak uholde arriskuaren aurrean. Prestatuta al gaude?

Erabiltzailearen aurpegia Tolomendi 2025eko ekainaren 27a

Larrunbe txiki, ekainaren 13ko euriteek kaltetuta. TOLOMENDI

Ekainaren 13an gertatutako eurite bortitzek kalte handiak eragin dituzte Tolosaldeko eta Goierriko landa eremuetan, batez ere baserri-bideetan, mendiko pistetan eta ur azpiegituretan. Azken urteotan egindako egokitzapen eta mantentze lanek lagundu badute ere, eragindako kalteek argi uzten dute oraindik urrats handiak egin behar direla halako ekaitz handien aurrean prestatzeko.

Azken urteotan hainbat inbertsio egin dira landa eremuko bide sarean. Baina galdera da: nahikoa al da egiten ari garen mantentze lana? Eguneroko erabilerari eusteko bai, baina halako euri-jasa bortitzak jasateko prestatuta al gaude?

Mantentze-lanetan, gehienetan, zoladura txukuntzera eta sasiak kentzera mugatzen gara. Tolosaldearen kasuan, udal gehienen tamaina eta baliabideak kontuan izanik, udalerri gutxi dira bidearen arekak garbitzen, sasiak jo ondoren geratzen den zaborrak arekatik jasotzen edota ur-bide nagusiak ondo daudela bermatzen aparteko esfortzu bat egiten dutenak. Gauza bera gertatzen da mendiko pista nagusien mantentze lanekin. Eta, zer esanik ez, baso eta landaketei zerbitzu emateko irekitzen diren bide sareekin.

Landa Azpiegitura Sarea: pentsatuta eta prestatuta?

Gaur egungo azpiegitura sarea ez dago pentsatuta, ezta prestatuta, halako egoerei aurre egiteko. Bide berriak eraikitzerakoan edo daudenak konpontzean, bizi berri dugun moduko egoerei ere arreta jarri beharko genieke. Zenbait proiektutan, «ingurumen inpaktuaren ebaluazioa» eskatzen den bezala, «uholdeei aurre egiteko ebaluazioa» kontuan hartu beharko litzateke. Eta, gauza bera bide-sarearen mantentzean eta berritzean.

Halaber, ibai, erreka eta errekastoen egoera ere ezin da alde batera utzi. Barruan pilatutako egur, sasi eta zuhaitzek uraren ibilera oztopatzen dute, eurite handi baten aurrean arrisku maila handituz.

Zaintza eta antolaketa

Azpiegitura gehienen ardura udalek dute, baina gure eskualdean gehienak txikiak dira eta baliabide gutxirekin ari dira sare zabal honen kudeaketan. Ez dago zalantzarik: neurri hauek guztiek baliabide ekonomiko eta tekniko handitze bat eskatzen dute, nahitaez.

Baliabide horiek gehitzeko moduak askotarikoak izan daitezke, baina oinarria garbi dago: elkarlanean oinarritutako planteamendu bat behar da, eskualde ikuspegitik eta ikuspegi komunitariotik. Batetik, baliabideen erabilera efizienteagoa eta aurrezpenean oinarritutako eredua bilatze aldera; eta, bestetik, hainbat azpiegiturek herri bat baino gehiagori eragiten dielako. Eskualde ikuspegia izatea funtsezkoa da. Izan ere, udalerri batean egin ez den kudeaketak ondorio zuzenak izan ditzake inguruko herrietan. Adibidez, Altzoko baso bide batean izandako lur-jauzi batek Amezketa, Abaltzisketa edo Bedaiorako sarbidea eragotzi dezake; edo Gazteluko magaletan gertatutako gertakari batek, Lizartzan kalteak eragin ditzake.

Testuinguru honetan, beharrezkoa da ikuspegi estrategiko bat, eta hori tokiko udalek ezingo dute bakarrik garatu. Horregatik, Foru Aldundiaren papera funtsezkoa da, udalen eskura jarriz planifikazio estrategikorako tresnak, azterketa eta diagnosietarako laguntza teknikoa eta, jakina, inbertsioak egiteko diru-baliabideak.

Udalek zeregin garrantzitsua dute arlo honetan, eta egitura sendo baten beharra gero eta nabariagoa da urteko mantentze lanak modu koordinatuan antolatzeko. Egitura horrek, beharren arabera, tresneria eta langile espezializatuak barne har ditzake.

Zentzu horretan, Tolosaldea bezalako eskualde batean, interesgarria izan liteke, agian, epe luzerako ikuspegiarekin, baserri eta mendi bideen zaintza sistematiko eta eraginkorra ahalbidetuko lukeen inbertsio egonkor baten inguruan hausnartzea.

Ildo horretan, komenigarria izan daiteke udalerri bakoitzak bere esparrutik aztertzea zein ekarpen egin dezakeen ikuspegi partekatuago baterantz, norberak bere erritmo eta aukeren arabera.

Larrialdiei aurre egiteko ez ezik, eguneroko erabilgarritasunaren eta ingurumen oreka iraunkorraren mesedetan ere jokatuko luke.

Amaitzeko, zer ikasi dugu ekaineko euri-jasa honetatik?

Ez gaude prestatuta. Etorkizunera begira, epe motzeko konponbideak emateaz harago, epe ertain eta luzerako ikuspegia landu behar da. Ubide bat egitea ez da inoiz lehentasunik handiena izango, baina horrelako egoerak gertatzean damutu egiten gara. Bizi garen lekuan bizitzen jarraitzeko epe luzeko lanketak egitea beharrezkoa da eta horrek, elkarlanean izan behar du ezinbestean.

Orain da unea pentsatzen eta prestatzen hasteko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!