Garai berrietara egokituz

Erabiltzailearen aurpegia Tolomendi 2017ko aza. 26a, 13:12

Historian zehar, «azokak elkargune izan dira, eta elkargune horietatik herriak sortu ziren», azaldu du Ainhoa Zabala Tolosako Azokako teknikariak. Kasu honetan, «elikagaiak ditugu azokaren transakzio edo tratuetan; trantsakzio hau ez da bakarrik ekonomikoa, harremanak ere badaude tartean».

Urteekin garaiak aldatuz doaz, eta bizitzako gainerako arloetan bezala Tolosako azoka garai berrietara ezinbestean egokituz joan da. Lan horretan ari dira Tolomendi Tolosaldeko Landa Garapen Elkartea eta Garaikoa elkartea.

Nekazal elikagaien ekoizpen eta azokan produktuen salmentarako araudiak gobernuak jartzen ditu. Ekoizle, baserritar eta saltzaileek horiek pixkana bete ditzaten bide ematen du Tolomendik. Elikagai eta salmenta araubide eta legeak oinarritzat hartu dituzte, eta pausoz pauso erabaki horiek aurrera eramaten saiatzen dira. Oraingoan, pisu elektrikoak eta hotz-katea bermatzen duten hozkailu arautuak jartzeko programa gauzatu dute. «Ekoizleek pisu elektrikoak beharrezkoak dituzte eta honekin batera salerosketaren txartela, eta kontsumitzailearen eskubideak ere bermatu behar dira azoketan», argitu du Zabalak.

Era berean, «Hotz-katea bermatzen duten hozkailuak eskuratzea ahalbidetu dugu. Nolabait produktua, jatorritik azokaraino tenperatura, baldintza eta modu egokian garraiatu dadin». Horiek izan dira helburu nagusiak. «Kontsumitzaileek bermea izatea beharrezkoa da. Berme hori araututako eta legezko pisu horiekin, eta produktuen kalitatea eta segurtasuna bermatzen duten hozkailuak eskuratzeko programa abian jarriz egin dugu».

Araudiari begira jarriz gero Zabalak dio aspaldidanik dagoela: «kontua da zer eta nola betetzen hasten garen, landa garapen elkarteok honelako egitasmoak burutu eta bultzatzen ditugu». Normalizatzen joatea dela helburua dio, eta azoka bera egungo beharretara egokitzea, kontsumitzaileek ere beharrak eta eskaerak dituztelako. «Ekoizleek egiten duten apustua da honakoa, eta garai berrietara erabat egokitzen ari dira. Urte askotan ikusi dugu nola egokitu diren eta etengabe gainera, eta hau beste pauso bat gehiago dela esan dezakegu». Garaiko Elkarteko hamar ekoizle sartu dira proiektu honetan, eta beraien aldetik jasotako balorazioa baikorra izan dela esan du Zabalak.

Erosketa txartela

Olatz Aranguren azpeitiarra da, eta bost bat urte daramatza Tolosako azokan postua jartzen. Gehienbat barazkiak saltzen ditu, baina baita fruitu lehorrak ere, eta negu partean baita ardi gazta eta esnea ere. Pisu txiki zahar bat zuela orain artean ekarri du gogora. Laster erosketa txartela ematea derrigorrezkoa izango dela eta, Tolomendik bideratu dituen diru laguntzekin pisu elektrikoa erostera animatu da. Abuztu aldera jaso zuen pisu berria, eta gustura dago.

Bezeroak begiratzen dutela argitu du: «Lehengoak pisua nire aldera bakarrik erakusten zuen, eta orain bezeroak ere ikusten du. Eta gero eta gehiago dira baita ere txartela eskatzen dutenak».

Tolomendiren arreta eskertu nahi izan du: «Oso lan ona egin dute, laguntza handia izan da. Dena eskura jarri digute».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!