Bi mila eta bat urte inguruan sortu zen Belarmendi elkartea, batez ere, baserritar txikiei zerbitzua emateko. Garai bateko baserrietan eskulana izaten zen nagusi, baina baserrian gero eta jende gutxiago izateak eta mekanizaziorako jauzia eman beharrak ekarri zuen Belarmendiren sorrera. «Makinak oso garestiak dira eta baserritar txikientzat ezinezkoa da gastu horietan sartzea, ez da bideragarria», argitu du Iker Karrera Tolomedi Landa Garapen Elkarteko kudeatzaileak. Eta, «belarrak egiteko zerbitzua ordaintzearekin, eramangarriagoa zaie baserritar txikiei».
Uda eta udazkena izaten dituzte lanik gehieneko urte sasoiak Belarmendin. Negua mantenu lanetarako baliatzen dute batik bat. Bertan egiten du lan Pello Argaia zizurkildarrak: «Belarra moztu, belar bolak egin, arto berdea erein eta jaso,... edota bide bazterrak garbitu eta liztor asiarraren aurkako tratamenduak ematen ditugu», azaldu du. «Bi traktore, retroeskabadora, bolak egiteko hiru makina, plastikoak jartzekoak,... makinaz ondo gaude, baina bi autonomo ere aritzen dira guri laguntzen», gaineratu du.
Eguraldia izan ohi dute arazorik handiena, eta «ona egiten duen garaian ia baserritar guztiek nahi izaten dute beraiengana joatea, eta ez da erraza izaten », dio. Belar garaian egun luzeak izaten dituzte lanerako, eta denbora ahalik eta ondoen kudeatzeko zonaka egiten dute lan: «Esaterako, Berastegi aldera bagoaz, bidean denbora alferrik ez galtzeko inguruko lan guztiak egiten saiatzen gara, denbora ondo kudeatu ahal izateko. Baina baserritar batzuk ondorioz itxaron egin behar izaten dute. Presaka ibili behar izaten dugu, baina saiatzen gara ahalik eta ondoen lan egiten», gaineratu du Argaiak.
Zerbitzua ahalik eta onena izateko, makinaria berritzen dute, eta hobekuntzak egiteko ahalegina egiten dute. «Bukatzen ez den lana da», gaineratu du Karrerak. Eta honek guztiak baserri txikiak bizirik mantentzen laguntzen du. Bestetik, makinak konpartitzeak baserritarren arteko hartu-emana eta elkarlana bultzatzen ditu, eta laguntza hori positiboa eta baliagarria dira Tolomendiko arduradunarentzat. Eta zeharkako eragina ere badu, nola ez, baserri inguru eta paisaia txukun eta garbi mantentzea baitakar. Eta udaletxeek ere baliatzen duten zerbitzua da Belarmendirena, herri bide eta bazterrak garbitzeko baliatzen baitute zerbitzua. Liztor asiarren aurkako lan asko ere, udaletxeetatik bideratuta egiten dutela dio, Argaiak.
Tolosaldean eta Donostialdean zerbitzua emateko sortu zen Belarmendi, eta Debagaraian ere ematen du, baina gaur egun, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin Gipuzkoa osora zabaltzeko proiektua mahai gainean jarria dute.