Zer ikusi, hura ikasi! izeneko hizketaldian jatearen eta elikatzearen nondik-norakoak ezagutarazten dituzte: «Jatorduek gure eguneroko bizitzan duten garrantzia mahai gainean jarri nahi dugu, maila sozio-kultural edota afektibo-emozionalean: etxeko zein ikastetxeko otorduek gure egunerokotasunean duten lekua, gure gorputzari eta inguruari erreparatuz, gure ingurunea eta lurrarekiko harremanean. Eta lehen sektorearen gertutasuna ere ikusarazi nahi da egitasmo honetan».
Elikadura eta nutrizioan aditua den Amaia Diaz de Monasteriorekin batera antolatu dituzte azokatik solasalditxoak. Horietan, galdera eta zalantzei erantzuna emango diete, kezkak argitu eta bidean sortzen diren erronka berriei bide eman. Hain justu, Samaniego ikastetxean burutu berri dute lehendabiziko hitzaldia. Gurasoei zuzendutakoa izan da, eta bertan, haur eta gaztetxoek zer nolako elikadura duten eta zer eta nola jaten duten ikusi dute.
Azokako dinamizatzaileak gurean azoka nahiz ekoizleak edukitzeak duen garrantzia ere azpimarratu du: «Zorionez, azoka daukagu, bertako produktuak eta ekoizleak gugandik gertu ditugu, eta beraz, produktu horiek etxean izatea eskuragarri dugu». Lehen jarduerak emandakotik «oso gustura» geratu direla, eta aurrera jarraitzeko gogoz daudela azaldu du Zabalak: «Esker onez hartu gaituzte eta aurrera jarraitzeko prestutasun osoa azaldu dute. Lehen hitzaldiaren ostean gehiago etorriko dira, eta gurasoekin egin dugun bezala, hezkuntza komunitateko beste kideekin ere egin asmo dugu, ikastetxe gehiagotara zabalduz. Ildo bera jarraituz ekimen desberdinak ere izango dira».
Ainhoa Zabalak esan duenaren arabera, azokaren eta bertako produktuen inguruko ezagutzan zegoen gabezia, osatuz joan nahi da saio hauekin. Hala, txikitatik sentsibilizatu nahi dira herritarrak, baina, haurrekin lan egitea bezain garrantzitsua dela gurasoekin aritzea dio: «Txikitatik ikasi eta ikustea beharrezkoa da, baina, horrekin batera, kontsumo jasangarriaren onurez jabetu eta gure egunerokotasunean, elikaduraren garrantziaz txikiei ohartaraztea ezinbestekoa da».
Azokara erakartzeko jendea sentsibilizatuz
Tolosa eta eskualdeko biztanleen artean, bertako eta garaiko nekazal elikagaien kontsumo iraunkorrarekiko sentsibilizazioa helburu duen lan-ildoa martxan da.
Nekazaritza eta elikagai sektorearen ezagutza gizarteratu, eta kontsumo kontzientearen aldeko apustua egin nahi da, ekitaldi ezberdinez osatutako Zatoz azokara! egitasmoaren barruan. «Izan ere, garaiko produktuak eta bertakoak kontsumituz, tokiko ekonomian eragiten dela ohartzeaz gain, ingurumena eta lehen sektorearen garapenean dugun ardura ere badagokigula ikusarazi nahi da».
Urtean sasoika landuko den egitasmoa eragile desberdinekin elkarlanean burutzen ari da, ekimen ezberdinak burutuz, hala nola, hitzaldi saioak, tailer praktikoak edota azokara bisita gidatuak.