Eskubide unibertsala. Errealitatea?

Erabiltzailearen aurpegia Tolomendi 2017ko api. 1a, 09:55

«Jonek naturaltasun osoz egiten duen keinua etxean zein kalean, mugikorra atera eta ea mezurik ba ote duen, sare sozialetan mugimendurik ba ote den… eta handik bost kilometrotara Miren ezin telefonoz deitu estaldurarik ez duelako etxean ez inguruan!».

Informazio eta Komunikazio Teknologiak (IKT) bermatzeko konektibitateak Tolosaldean.

Mugikor estaldura eta itzal guneak
Tolosako erdigunean bizi diren askok ez dute jakin ere egingo zertaz ari garen. Eskualdeko hainbat eta hainbat herritan, landa eremuan zer esanik ez, izugarrizko arazoak sufritu dituzte, eta oraindik ere, sufritzen ari dira alor honetan.
 Beraien mugikorrean dei arrunt bat jasotzea edota egitea ezinezkoa dute hainbat kasutan. Pentsa 3G edota 4G konexioez hitz egiten badugu. Eta hau dena noski, telekomunikazio «inperioetako» batera lotua egon behar zarela kontuan izan gabe.
Telekomunikazio enpresa hauetako batek zerbitzu kaskarra emateagatik gainera, eskertuak sentitu behar dira. Eta honek, argi eta garbi, lehiakortasun prezioen gerraren onuretatik kanpo uzten du bezero potentziala.
Zure etxea, lantokia edota baserria itzalgune batean kokatua badago edo hobe esanda itzalgune bat ezartzen badizute zure gainean, jai duzu. Ez dute antena indartsuago bat jarriko bezero potentzial kopuruak eman ditzakeen onura ekonomikoek ez badute kuota bitartez bermatzen azpiegitura horren kostuaren itzulketa.
Honek zertara eraman ditu, esate baterako, hainbat udal? Herriko diruaz azpiegitura horiek ordaindu behar izatera. Telekomunikazio enpresa handi horiei, herritarrek, edonork beste herritan naturalki gozatu ditzaketen zerbitzuak izateko. Eta ez merke noski...


Banda Ultra Azkarra
Europako Agenda Digitalak 2020 urterako bi helburu omen ditu: Europar Batasuneko herritarren %100arentzat banda zabal azkarraren (seg. 30 Mb edo gehiagoren) estaldura egotea. Eta Europar Batasuneko herritarren %50ak banda zabal ultra azkarra (seg. 100 Mb edo gehiago) kontratatua izatea.
Eta zer esango dugu ba… ONDO! Hitz politak, abiadura bikainak, teknologia paregabeak!
Errealitatea? Hainbat auzotan, baserri zein etxeetan, 0,7Mb eskaseko abiadura izatea kasu onenean… eta orain ere eskertuak egon behar!
Lehen ere hainbat diru laguntza eta proiektu izan dira azpiegiturak hobetzeko, baina berdin jarraitzen dugu urteak joan urteak etorri. Ea oraingoan benetan hala den eta berdintasunean aritzeko aukera dugun guztiok ezinbestekoa den behar honekin.
Bitartean, berriz ere, udalek beraien kartak jokatu behar izan dituzte eta apustua egin beste teknologia, irtenbide, etabar... bilatuz. Adibidez Guifi.net bezalako fundazioekin harremanetan jarriz, eta beraien sare ireki bat sortuz. Eta hala eta guztiz ere, ez da trabarik gabeko bidea.
Ikastetxeak ere ez dira atzean geratzen. Eraikinetik metro gutxitara zuntz optikoa izan, eta ezin zerbitzuaz gozatu. Irtenbidea? Zerbitzua eskaintzen ez dien telekomunikazio enpresa berari ordaindu beharra, alternatiba moduan, konexioa antena bidez beraien eraikinera eraman ahal izateko.
Hainbat kasu zerrendatu daitezke honela, eskubide unibertsala deritzotena batzuk izateko.
Diru laguntza guztiak beharrezkoak dira, administrazio publikoaren parte hartzea ezinbestekoa da noski. Pauso zehatzak emateko garaia da eta badirudi hasi direla, jarrai dezatela eta iraun dezatela. Aspaldian premia duen gaia da, eta arlo guztietan eragina duena.
2020. urtetik bueltatxo bat eman nahiko nuke aurreikusteko… mugikorreko bateriak iraungo ote? Hori beste baterako…

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!