Baserri bide gehiagotara iristeko lehen pausoak

Erabiltzailearen aurpegia Tolomendi 2017ko urtarrilaren 28a

Eskualdeko 21 herritan hainbat baserri bide berritu dira Landagipuzkoa+ egitasmoari esker; orain arte Tolomenditik bideratzen ziren laguntza hauek, foru aldundiak hartu ditu bere gain

Tolomendi Landa Garapen elkarteak urteak eman ditu baserri bideak konpondu ahal izateko, espresuki, aparteko aurrekontu bat izan behar zela eskatzen. Bada, 2016. urtean iritsi zen, eta lehenengo aldiz Gipuzkoako Foru Aldunditik bideratua izan da.

Tolosaldeak landa eremu zabala du, eta baita baserri bide ugari ere.

Urtez urte, makina bat bide konpontzeko laguntza eskaerak pilatu izan dira, eta asko eta asko laguntzarik gabe geratu izan dira, laguntza murritzak tarteko. Behar handiak daudela baserri bideak konpontzeko ekarri dute gogora: «Baliabide gehiago jartzeko aukera ekarri du diru laguntza baserri bideei bakarrik zuzendua izateak». Eta «oraindik ez da nahikoa, baina lehen baino gehiago bada», argitu du Tolomenditik Iker Karrerak. Gipuzkoako Foru Aldundia ere «gustura» agertu da proiektua lagundu izanarekin, eta eman duen «emaitzarekin». «Behar handi bati eman diogu erantzuna, hastapena baino ez bada ere bultzada eman diogu», argitu du Iñaki Labakak.

1980ko hamarkadan ahalegin eta esfortzu handia egin zen baserri bideak hormigoitu edota asfaltatzeko. Gipuzkoako Foru Aldundiak, 3.360 kilometro baserri bide ditu zenbatuta, eta horietatik 90 kilometro berritzea lortu da Gipuzkoa osoan, 2016ko diru laguntzarekin. Horietatik hainbat kilometro eskualdeko 21 herritan berritu dituzte, Landagipuzkoa+ egitasmoari esker. Herri batzuetan bide bakarra konpondu dute, baina Alkiza, Anoeta, Leaburu, Belauntza, Bidania-Goiatz eta Lizartzan bat baino gehiagotarako iritsi da laguntza.

2019ra bitarte luzatuko den egitasmoa da.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!