Landa Garapenak MENDIKO GAZTAn forma hartzen duenean

Erabiltzailearen aurpegia Tolomendi 2016ko uzt. 16a, 09:30

Tolomendi Landa garapen elkarteak, bere sorreratik mendiko artzaintzaren aldeko konpromisoa izan du, hasiera haietan, artzainen mendiko txabolak konpontzeko diru laguntzak bideratzen zituen, esate baterako.

Azken urte hauetan, mendian oraindik artzain mordoxka batek egiten duten gazta, osasun baldintza egokietan ekoizteko azpiegiturak egokitzen laguntzen ari da, Idiazabal Jatorri Izendapenaren barruan Euskal Herriko Mendiko Gaztak bezala bereizten diren gaztak ekoizteko.

Landa Garapeneko politika, estrategia eta antzeko hitz borobil eta handiek, zenbaitetan zer esan nahi duten irudikatzea zaila egiten zaigunean, horrelako proiektuetan hartzen dute forma, beren osotasunean.

Mendiko Gaztaren ekoizpena sustatzen eta laguntzen denean, gure herrietako, landa eremuko herrietako jarduera ekonomikoa laguntzen ari gara, lanpostu zuzenak eta zeharkakoak finkatuz. Mendietako ingurumenaren alde egiten da, benetan, mendietako larre ekosistemetan, -Europako zuzentarauek bereziki babestu egin behar direla diotenak, dagoen animalia eta landaretza bioaniztasuna kontserbatzen laguntzen da. Kalitatezko eta osasuntsu diren (belarraren elikaduraren ondorioz, Omega 3an bereziki aberatsak diren gaztak) produktuak ekoizten laguntzen da. Klima aldaketaren aurka lan egiten da, larreetan CO2 finkatuz eta gazta ustiakuntza eredu ohizkoarekin alderatuz, ekoiztutako gazta kiloko CO2 isurketa askoz txikiagoa delako. Mendiaz eta bere paisaiaz gozatu nahi dutenentzako, mendia garbi izaten laguntzen du. Eta nola ez esan, euskaldunon kulturaren erro sakonenekin lotura bizi-bizirik mantentzen duen giza jarduera bat irauten laguntzen du XXI. mendean.

Hau guztia eta gehiago egiten da mendiko gaztaren ekoizpena sustatuz.

Orain uda garaian gaudela, momentu egokia da, mendi buelta bat eginez, ikusi, ezagutu eta kontzientzia hartzeko, egunero nola bizi eta lan egiten ari diren artzainak.

Eta udara izanik, zauden tokian zaudela, hemen, Pirinioetan, Alpeetan... momentu ona da Mendiko Gaztak erosi eta probatzeko. Izan ere, gazta bat edo beste bat erosteko ekintza xumea, ekintza politiko bat ere badelako, garapen eredu baten, herri eta gizarte eredu baten, ekonomia eta ingurugiro eredu baten edo besteren alde egitea izan badelako.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!